Euri falta

EHNEren arabera, euri faltagatik 14 milioi eurotako galera izan dute Gipuzkoako abeltzainek

EHNE sindikatuak, euri faltagatik, hiru hilabetetan, Gipuzkoako abeltzainek 14 milioi eurotako galera izan dutela adierazi du. Aldi berean, euskal sindikatuak abeltzainek galdutako diruaren erdia ordain dezan eskatu dio Foru Aldundiari. EHNEko Gipuzkoako presidente Marije Intxaustik hiru hilabetetako euri eskasagatik eta hego haizearen ondorioz, mendiak oso leor daudela eta ura falta dela adierazi du.

2003ko abuztuaren 5a
19:46
Entzun
Neguan animaliak elikatzeko behar den belarra udaberrian eta udaran biltzen da. Aurten, apirileko belar mozketa "normala" izan zen. Maiatzaren amaieran egiten den bilketa normalean baino %30 gutxiago izan zen. Hirugarren txanda, aldiz, uztailaren bukaerakoa, ez da posible izan. Animaliak bazkatzeko adina belar ez dago soroetan.

Euria ez egiteak beste ondorio bat ere ekarri du, baserrietan ez dago urik. Baserriek euren iturriak dituzte, baina aurtengo udaran lehortuta daude. Hainbatetan, baserritarrek beste lekuetatik ekarri behar izan dute ura.

Baserritarrek ura mendira eramateko moduak urriak dira. Horregatik, animaliak ikuluetara eraman dituzte, eta mendian gelditzen direnei ura eramaten diete.

EHNE sindikatuak lehenbailehen erabaki egokiak hartzeko bilera bat egin behar dela esan du. Marije Intxaustik adierazi duen bezala, egoera honetan Gipuzkoako baserritar guztiak daude, ondorioz, "arazo orokorra" da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.