Emakumeen Nazioarteko Eguna. ESTHER BARANDIARAN

Eho eta eho: sarean

Pianoa ofizio du, eta bizibide: «Behar dut». Musikarekiko lilura hori bazterrean utzi gabe familia bat hazi eta hezteak dakartzan neke eta pozek harilkatzen dute haren bizitza.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Irun
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Amak eta amonak gomutan ditu sarri Esther Barandiaran pianistak (1968, Irun, Gipuzkoa); garai batekoak, bera neska kozkorra zenekoak. Zein amets ote zituzten pentsatzen du usu: zein desio. Izan ere, beti presente oroitzen ditu, beti familiaren abaro. Haiexek bultzatuta ikasi zuen berak, ordea, —belaunaldiko beste emakume askoren gisara— beste bide bat urratzea zegokiola: «Etxean beti esan ziguten ikasteko, lan egiteko, independente izateko». Eta, halaxe, ogibidea eta bizibidea aurkitu zituen berak musikan: pianoan. Ordu asko eman behar izaten dizkio instrumentuari, baina tekla txuri-beltzetatik aparte ez du ikusten bere burua.«Behar dut, zoriontsuago izateko». Ezaguna da, besteak beste, Itxaso Aristizabalekin batera bikote aritzen delako. Baina, horrez gain, ibiltzen da beste hainbat interpreterekin ere, eta irakasle. Ez da lan samurra: «Astez aste antolatzen naiz: aste bakoitza ezberdina izaten da niretzat».

Hiru seme-alaba ditu. «17, 15 eta 10 urte dituzte». Ez du zalantzarik: haientzat dira hitzik gozoenak. «Asko eman dit amatasunak». Pianoarekiko lilura eta haien zaintza bateratzea, ordea, gehienetan egiteko zaila izan dela dio. Ez du ezkutatzen arrangura: «Kostu bat du». Nekeaz ari da, hainbat unetan sentitutako artegatasunaz.«Ez diot inoiz utzi, ez haurdun egon naizenetan, ez gero». Aldiz, sarri, pianista karrerari eusteko bidean erabaki zailak hartu behar izan ditu. «Esaten dizute, akaso, nonbaitera joateko, eta nola esango duzu ba ezetz? Trenak behin pasatzen dira, eta hartu egin behar dira». Familiaren zaintza errazteko neurri «egiturazko» gutxi atzeman ditu horrelakoetan gertuan. «Izan ere, azkenean familietan elkar laguntzen dugu, baina horren inguruan ehuntzen den sarea oso ahula da: noiznahi hauts daiteke». Ordutegiak, esaterako, ez direla aldatzen dio, eta familia eta lana bateratzea eragozten duten beste hainbat antolaketa ere ez.

Ikasle gazteei begira

Jende gazte askorekin du harremana irakasle jardunean. Liluraz begiratzen ditu alboan dituen neska gazte asko. «Egundoko emakumeak dira». Haiek ama izatea erabakitzen duten unean tamainako arrangurak izango dituzten pentsatzen du maiz. Familia giroan, umeak era parekidean hezteko urratsak egiten dituen bakoitzean —«beti izan dugu oso garbi hori etxean»—, etorkizun hobe bat irudikatzen saiatzen da. «Haiek ez lukete ulertuko orain nik musika utzi eta etxean geratzea». Ama pianista delako. Ametsen jabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.