Urtero legez, munduko unibertsitaterik onenen sailkapenaren berri eman du Shanghaiko Jiao Tong unibertsitateak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak iazko postuari eutsi dio, eta munduko 400 unibertsitaterik onenen artean kokatu dute. EHU 2012an agertu zen lehenengo aldiz zerrenda horretan, 500 onenen artean, eta iaz lortu zuen 400 onenen artean egotea.
EHU sailkapen orokorrean lehen 400etan badago ere, emaitza hobeak erdietsi ditu zenbait espezialitatetan; hain zuzen, 150 unibertsitaterik onenen artean kokatu dute Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan; eta 200 onenen artean dago Elikagaien Zientzia eta Teknologian, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan eta Nanozientzia eta Nanoteknologian. Emaitza aipagarriak lortu ditu beste hainbat arlotan ere: 300 onenetan dago Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritzan, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritzan, Matematikan, Fisikan, Nekazaritzako Zientzietan, Farmazian, Zientzia Farmazeutikoetan eta Hezkuntzan; 400 onenetan Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoan, Ingeniaritza Mekanikoan, Zientzia Biologikoetan, Osasun Publikoan eta Zientzia Politikoetan; eta 500 onenetan Informatika Zientzia eta Ingeniaritzan, Lurraren Zientzietan, Ekologian, Zientzia biomedikoetan eta Kudeaketan.
Emaitzak ikusita, «oso harro» dago EHUko errektore Eva Ferreira: «Munduko 400 unibertsitaterik onenen artean mantentzea oso arrakasta garrantzitsua da, ikusgarritasun handiagoa eta nazioartean ospe handia ematen diguna». Postua lan kolektibo baten emaitzatzat du: «Oso harro gaude, eta gure unibertsitate komunitate osoa zoriondu nahi dut, gure unibertsitate publikoa proiektu kolektiboa delako eta arrakastak ere bai».
Orotara, 1.300 unibertsitate baino gehiago aztertzen dituzte zerrenda osatzeko, eta 500 onenen zerrenda plazaratzen dute. Hurrenez hurren, Harvardeko, Stanfordeko (Ameriketako Estatu Batuak) eta Cambridgeko unibertsitateek (Erresuma Batua) lortu dituzte lehen hiru postuak. Zerrenda osatzerakoan, hainbat irizpide hartzen dituzte kontuan, besteak beste, Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak, ikertzaile oso aipatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak.