EHU Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 400 unibertsitate onenen artean dagoela jakinarazi du gaur unibertsitateak berak, prentsaurrekoan. Shangaiko rankingean sartu da EHU aurten, lehen aldiz; 22.000 unibertsitate aztertzen eta zerrendatzen ditu ranking horrek. Hego Euskal Herriko beste unibertsitaterik ez da sartu zerrenda horretan. Iñaki Goirizelaia errektorea azaldu du Espainiako unibertsitaterik ere ez dagoela EHUren aurretik zerrenda horretan.
Ikerketan egindako lana hartzen du aintzat Shangaiko rankingak. Unibertsitate bakoitzeko ikerlariek zenbat aipamen jasotzen dituzten, ekoizpen zientifikoa zenbatekoa den, ekoizpen horren kalitatea nolakoa den, ikasle ohien ikerketek jasotako aipamenak, aldizkari espezializatuetan izandako aipamenak, eta unibertsitateak zenbat Nobel sari jaso dituen hartzen dute kontuan, besteak beste.
Shangaiko zerrendan aurreneko 400 unibertsitateen artean sartzea "arrakasta handia" da, Goirizelaiaren esanetan. Nabarmendu du Nobel sariak edukitzeari garrantzi handia ematen diola ranking horrek, eta, EHUk Nobel saririk ez duenez, puntu asko galtzen dituela atal horretan, beste unibertsitate batzuen aldean. "Oso puntuaketa ona da", nabarmendu du.
Horrelako rankingek ospea ematen dutela, bera halakoen aldeko dela eta rankingetan ez agertzea "kezkatzekoa" litzatekeela adierazi du errektoreak.
Interneten ere gorasko
Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC ) unibertsitateek Interneten duten presentzia aztertu du eta Euskal Herriko Unibertsitatea 170 postuan legoke, mundu mailan. Zerrenda horretako lehen 14 postuak AEBtako unibertsitateentzat dira. Buruan Harvard, Massachusetts eta Staford daude, hurrenez hurre. Europako lehen unibertsitatea 20. postuan dago, Cambridge.