EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroen aurkezpena egin dute gaur goizean, Bilbon, eta bertan izan dira Eva Ferreira EHUko errektorea, Rafael Pardo BBVA Fundazioko zuzendaria eta Itziar Alkorta ikastaroen zuzendari akademikoa. 40. aldia izango da aurtengoa, eta Donostiako Miramar jauregia izango da egoitza nagusia. Berrikas dezagun leloa jarri diote aurtengo ikastaroei, eta 180 jardueratik gora prestatu dituzte. Gaur zabaldu dute matrikulazio epea.
Jakinarazi dutenez, aldi honetan ere, bi modalitatetan emango dute programazioa: modu presentzialean nahiz Internet bidez. Haien arabera, online bidezko ikastaroek «oso ondo funtzionatu zuten 2020an», eta «geografikoki urrun zeuden ikasleengana heltzeko» aukera eman zuten. Horri eutsiko diote aurten ere: 23 ikastaro emango dituzte Internet bidez. Hala ere, Alkortak adierazi du gehienak «hibridoak» izango direla; hau da, aurrez aurre eta online jarraitu ahalko direla. Araban, zazpi ikastaro emango dituzte modu horretara; Bizkaian, 25; eta Gipuzkoan, 130 baino gehiago. Horrez gainera, aipatu dute EAEko hiru hiriburuetan ez ezik, beste udalerri batzuetan ere egingo dituztela jarduerak: besteak beste, Elizondon (Nafarroa), Lesakan (Nafarroa), Laguardian (Araba) edota Baionan.
Zabaldutako eskaintza zazpi erronkatan oinarritzen dela esan dute. Horiek dira hezkuntza; gizartearen zahartzea; ingurumen, ekonomia eta gizarte iraunkortasuna; pandemia; gobernantza; generoa; eta euskal kultura.
Hezkuntzari dagokionez, ikastaroetako bat Eskolaren erronka digitalak izango da. Alkortaren arabera, horrelako ekintzek aukera emango dute azken urtean hezkuntza sisteman egin diren hausnarketak partekatzeko, eta, beraz, etorkizuneko eskolen gaitasun digitalen inguruan gogoeta bat egiteko. Hogei ikastaro homologatu baino gehiago emango dituzte.
Zaintza ereduen inguruan ere arituko dira, «belaunaldiarteko itun bat» proposatze aldera. Trantsizio energetikoa, klima aldaketaren auzia, ekonomia zirkularra eta beste ere landuko dituzte.
Pandemiaren gaiari eutsiz, berrikas terminoa ekarri du gogora Alkortak, eta adierazi hori dela ikastaroen funtsa. Esaterako, beharrezkotzat jo du berrikastea «osasun publikoa guztioi dagokigun kontzeptua» dela. Halaber, errealitatearen alde etikoei buruzko «funtsezko ikuspegiak» landuko dituztela ere esan du.
Zaintza erdigunean jarriko duen gizarte bat eraikitzeko egin behar diren urratsen inguruan ere egingo dituzte ikastaroak. Baita ahalduntzearen, intersekzionalitatearen edota prostituzioaren bueltan ere. Azkenik, euskal kultura ere jorratuko dute.