1936ko udazkenean Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia jaio zen, eta EHUk "lehen euskal unibertsitate publikoa" izandako horren 75. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldiak aurkeztu ditu gaur. Amets baten oinordeko gara-Euskal Irakastola Nagusia 1936 erakusketa ibiltaria, hainbat hitzaldi eta abenduaren 1ean —unibertsitate haren irekiera ekitaldia egindako egun berean— ospakizun berezi bat egingo ditu EHUk.
"Euzko Irakastola Nagusia sortu zenean egoera oso zaila zen: gerra zibilaren erdian geunden, eta gudaroste batek euskal autonomia setiatuta zuen, argi eta garbi hura desagerrarazteko asmoz. Egoera politiko eta militarra hain zaila eta, moralki, hain mingarria izanik, eratu berria zen Euzko Jaurlaritzaren lehenengo erabakietako bat unibertsitate bat, denon zerbitzura egongo zen euskal unibertsitate publiko bat, sortzea izan zen. Helburu horri emandako lehentasunaren erakusgarri, zenbait ikasle eta irakasle guda oinetik ekarri zituzten lanari ekiteko. Uste dut harro egon gaitezkeela, eta harro egon behar dugula, Jaurlaritza demokratikoak, orduko zailtasunak gorabehera, hezkuntza interes militarren aurretik jarri izateaz", esan du gaur Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak.