EHU Euskal Herriko Unibertsitateak guztira 105 ikastaro eskainiko ditu udan, horietatik 18 euskaraz. Gehienak Donostiako Miramar jauregian izango dira —han bertan aurkeztu dituzte ikastaroak gaur goizean—; hala ere, urtero bezala, ikastaro batzuk beste hainbat hiritan ere eskainiko dira. Ekainetik irailera arte parte hartu ahal izango da ikastaroetan, eta izena emateko epea zabalik dago jada.
Aurten, Gasteizko hiriburutza berdea aitzaki hartuta, hiri hondakinen inguruko ikastaroa antolatu dute han. Getariako Balentziaga museoan eta Azpeitiko Euskal Trenbidearen museoan ere izango dira jardunaldiak, baita Tolosan, Irunen eta Azkoitian ere.
Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko kide ohiaren parte hartzearen berri ere eman dute: ekainaren 29an Perdonar para vivir hitzaldia eskainiko du.
Jose Luis de la Cuesta Arzamendi uda ikastaroetako zuzendariak goizeko ekitaldian azpimarratu du krisia izanda ere, aurrekontuari eustea lortu dutela.
Ikastaroen hasierako ekitaldia ekainaren 26an egingo dute, asteartearekin, 19:00etan, Miramar jauregian.