EHUk bere eskaintza egokitu egin beharko du lan-merkatuan dagoen unibertsitate-tituludunen eskaerari erantzuteko. «Kopuru osoari buruzko gogoeta bat garrantzitsua izanagatik ere, baliteke garrantzitsuagoa izatea kopuru hori titulazioen arabera aztertzea». Horixe nabarmendu du Joseba Azkarraga EAEko Justizia, Lan eta Gizate Segurantza sailburuak. Berbok atzo egin zituen, Manuel Montero EHUko errektorearekin eta Jose Mendia EHUko Gizarte Kontseiluko buruarekin izandako agerraldian.
Zeharka izan bazen ere, Monterok erantzun zion sailburuari hark eskatutako egokitzapena ez dagokiola «unibertsitateari bakarrik, gizarte osoari baino».
Azkarragak Egailan-ek egin duen inkestaren emaitzak aurkeztu zituen. Izan ere, 1999. urtean EHUn ikasketak amaitu zituztenak zein egoeratan dauden jakiteko egin dute azterketa eta, jasotako datuen arabera, horietarik %82,5 lanean dabiltza.
Inkestaren emaitzak, hala ere, gazi-gozoak dira, Azkarragak berak aitortu zuen legez; «baikorrak» izanik ere, datuek agerian utzi dituzte hainbat argi-ilun: «Premiazkoa da hainbat titulazioren enplegu-tasa hobetzea» batetik, eta «emakumeen laneratzean eta lan-baldintzetan dauden desberdintasunak ezabatzea», bestetik.
Errektoreak berak datuok agerian uzten dituzten kontraesanak aipatu zituen, Komunikazio Zientzietan langabezia handia izanik, gero eta gazte gehiagok aukeratzen dituztelako ikasketa horiek, eta Nautikan, berriz, ikasketak amaitzen dituzten gehienek lana topatu arren, beherantz egin duelako ikasle kopuruak.>
Emakumeek, soldata txikiagoa
Emakumeei dagokionez, berriz, inkestak argi utzi du lan munduan sartzeko zailtasun handiagoak dituztela, gizonek baino beranduago aurkitzen dutela lana, eta hasitakoak ere, soldata 200 eurotan txikiagoa izaten duela.
1999. urteko promozioa 10.392 ikaslek osatu zuten, eta erdiak baino gehiago, %59, emakumeak ziren.
Datu orokorrei dagokienez, ikasketak amaitu eta hiru urtetara, titulua lortu zutenetik gehienak, %82,5, beharrean dabiltza, %12 lan barik daude, eta gainerako %5,5ek ikasten jarraitzen dute.
Hau da inkesta egiten den bigarren urtea, eta kopuruok 1998ko promozioaren datuekin alderatuz gero, laneratze indizea puntu bi txikiagoa da.
Azkarragak azaldu zuen, bestalde, langabezi tasak aldatu egiten direla ezagutza arloen arabera. Esandakoaren arabera, Giza Zientziek dute, tituludun kopuruaren arabera, enplegu-tasarik txikiena, ekonomia eta legeen inguruko ikasketen aurretik. Horien artean 1999ko promozioan ikasketak gainditu zituztenen %46 dira, eta lan barik daudenenen %56.
EHUk merkatura egokitu beharko ditu ikasketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu