Hezkuntza

EHUk, MUk eta Deustuko Unibertsitateak aurrez aurreko hezkuntza lehenetsi dute datorren ikasturterako

EHUko, MUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak Hezkuntza Sailarekin eta Unibasqekin bildu dira. Duela urtebete hartutako konpromisoak bete dituztela ziurtatu dute.

EHUko, MUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak Hezkuntza sailburuarekin, gaur goizean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 12a
16:43
Entzun

Pandemia garaian egindako lana baloratzeko eta etorkizuneko pausoak zehazteko, bilera egin dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak, Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibertek, Mondragon Unibertsitateko errektore Bizente Atxak, Unibasqen zuzendari Iñaki Herasek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Ziurtatu dutenez, erabat bete dituzte duela urtebete hiru unibertsitateek hartutako konpromisoak.

Egun batetik bestera, aurrez aurreko hezkuntza utzi eta online aritzen hasi behar izan zuten unibertsitateek. Alde batetik, horretarako unibertsitateko komunitate osoak izandako «egokitzeko gaitasuna» eta lana goraipatu dituzte. Beste aldetik, gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak ia lau milioi euroko inbertsioa egin zuela iaz digitalizaziorako. Orain arteko bideari jarraituz, 2020-2021 ikasturtea «presentzialtasun egokituarekin» amaituko dutela azaldu dute.

Iazko adierazpena errepasatzearekin batera, gaur beste bat ere onartu dute. Horretan jaso dutenez, lehentasunetako bat izango da 2021-2022ko ikasturtea aurrez aurreko prestakuntza eredua lehenetsiz planifikatzea, baita unibertsitate komunitatearen osasunari eta segurtasunari lehentasuna ematea ere. Gainera, hiru unibertsitateek aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.