ZIENTZIA

EHUk zuzenduriko ikerketa batek Europako aurrenetako 'Homo sapiens' baten fosilaren mitogenoma berreskuratu du

EHUko Giza Biologia Ebolutiboa taldeak Errumaniako Pestera Muierii haitzuloan aurkituriko 35.000 urteko fosil baten genoma mitokondriala berreskuratzea lortu du.

Ezkerretik eskuinera, Concepcion de la Rua, Santos Alonso, Montse Hervella eta Neskuts Izagirre. EHU
2016ko maiatzaren 19a
08:13
Entzun

Fosilduriko emakume haren leinua, hain zuzen ere, Homo sapiens-a Afrikatik Eurasiara zabaldu ondoren Europan bizi izan zen lehen populaziokoa zen, eta horrek indartu egiten du Goi Paleolitoan Afrikara itzultzeko migrazio bat izan zelako hipotesia. Azterlana Scientific Reports aldizkarian argitaratu da.

Concepcion de la Ruak zuzentzen du Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikerketa talde hori, Suediako, Holandako eta Errumaniako ikertzaileekin batera. Talde horrek egin duen paleogenomikako azterlanari esker, Pestera Muierii (PM1) emakumearen mitogenomaren sekuentzia osoa berreskuratu da hortzetan oinarrituta. Genoma mitokondrial hori U6 basal leinuari dagokio; gaur egun desagertuta dago, eta hortik datoz egun batik bat Afrika iparraldean bizi diren populazioetan dauden U6 leinuak.

Azterlanak, beraz, U6 leinuak jatorri eurasiarra duela berretsi ez ezik, indartu ere egin du Goi Paleolitoan (duela 40-45.000 urte) zenbait populaziok Eurasiatik Afrikara itzultzeko migrazio bat hasi zutela dioen hipotesia. Pestera Muierii gizabanakoak Afrikarako itzulera horren adar bat dira; halere, ez dago haien inguruko ebidentzia zuzenik, Afrika iparraldean Paleolitoko hondakin fosil oso gutxi dagoelako.

"Oraintxe bertan, ikertaldea genoma nuklearra aztertzen ari da; izan ere, azterketaren emaitzek informazioa eman diezagukete gizatalde hark neandertalekin izan zuen harremanari buruz eta sistema immunearekin loturiko aldaera genomikoei buruz. Horrela, argitu ahalko da Homo sapiens espezieak zergatik izan zuen bilakaera arrakastatsua bizikide izan zituen beste giza espezie batzuen aldean. Horrez gain, jakin ahalko dugu nolako ezaugarri fenotipoak zituzten lehendabiziko Homo sapiens gizakiek eta nolako eragina izan zuten iraganeko populazio mugimenduek gure eboluzioaren historia ulertzeko moduan", azaldu du De la Rua katedradunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.