HEZKUNTZA. UNIBERTSITATEA

EHUko 2000. urteko promozioko ikasleen langabezia tasa %11koa da

Emakumezkoen egoera txarragoa da gizonezkoena baino, lan baldintza kaskarragoak dituzte

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2004ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleen laneratzeari buruzko txostenaren emaitzetan agertzen denez, 2000. urtean EAEko unibertsitate publikoan ikasketak amaitu zituzten %11,2 ez zebilen lanean inkesta egin zen garaian, 2003. urtean. Unibertsitateko ikasleen laneratzearen inguruan egiten den hirugarren inkesta da, eta urtetik urtera, gero eta ikasle gehiagok lortzen du lanposturen bat.

Hori eta beste emaitza asko jakinarazi zituzten atzo Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak eta Juan Ignacio Perez EHUko errektoreak. Bata zein bestea «pozik» agertu ziren azterketak izan dituen emaitzekin, hobetu beharreko arloak daudela aitortu bazuten ere. Besteak beste, emakume unibertsitarioen egoera orokorra gizonezkoena baino txarragoa dela azpimarratu zuten, eta horri nolabaiteko konponbidea bilatu behar zaiola nabarmendu zuten Joseba Azkarragak eta Juan Ignacio Perezek.

Azkarraga «gustura» agertu zen langabezia tasaren emaitzekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko tasa %8koa dela gogoratu zuen. Dena den, Lan sailburuak 22-34 urte artekoen 2000. urteko promoziokoak adin tarte horretakoak dira langabezi tasarekin alderatu zuen EHUren %11,2ko tasa. Hau da, gazteen arteko langabezia tasa %18,9koa dela azpimarratu zuen. «Horrek erakusten du EHU ez dela langabetuak egiteko enpresa», adierazi zuen Azkarragak. Gainera, 2000-2002 urteen tartean ekonomiak beherakada izan zuela gogoratu zuen. «Horrek oraindik eta hobeak egiten ditu azterketaren emaitzak»,nabarmendu zuen Lan sailburuak. Bide beretik jo zuen Perezek. «Ikasketak izateak lana aurkitzen laguntzen duela argi geratu da berriz ere», adierazi zuen EHUko errektoreak.

Emakumeen egoera hobetzeko premia

Azterketaren emaitza orokorrak eta hiru urtean izandako joerak onak izan arren, non hobetua badagoela esaten zuten Azkarragak eta Perezek. Guztien gainetik, emakumearen laneratzeari buruzko zenbakiak aipatu zituzten. Langabezia tasari dagokionez, adibidez, emakumezkoena bi puntu handiagoa da. Baina beste adierazle guztietan ageri denez, emakumeen egoera txarragoa da: soldata, lanpostuak egindako ikasketekin harremana izatea, kontratu mota, etab. «Gizartean ageri den joera bera gertatzen da unibertsitarioen artean. Baina, kasu honetan, emakumeek gizarte arloko ikasketak egiten dituztela gehiago kontuan izan behar da, eta ikasketa horietako laneratzea eta bestelako baldintzak txarragoak dira beti», azaldu zuen Lan sailburuak.

Horren harira, EHUk lan munduarekin lotura handiagoa duten ikasketa berriak abiatu dituela azaldu zuen. Batez ere ikasketa teknikoak direla aipatu zuen. «Beraz, hurrengo urteetako azterketen emaitzek hobeak izan behar dute».

-

BALORAZIOA



 

Eskola praktiko gehiago eskatu dituzte ikasleek





Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 2000. promoziokoen laneratzeari buruzko azterketaren barruan, unibertsitate publikoaz zeukaten iritzia eskatu zitzaien ikasleei. Jose Mendia EHUko Gizarte Kontseiluko presidenteak agertu zuenez, oro har ikasleak «gustura» daude unibertsitateak eskaini zien zerbitzuarekin: irakasleen ezagutzekin eta jarrerarekin, jasotako ikasketekin, eskola teorikoekin... Hala ere, arlo bitan EHUk ez du emaitza onik lortzen: hizkuntza politikan eta eskola praktikoetan. Juan Ignacio Perez EHUko errektoreak adierazi zuenez, emaitza horiek ez dira berriak EHUko agintarientzat, beste adierazle batzuetatik ere jasotzen zutelako horren berri. Era berean, bi arloetako arazoei konponbidea bilatzen diharduela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.