Inpunitatearen eta gezurarren aurka, elkarrekin goiburupean Aaiunen gaur hasi diren jardunaldietan parte hartzekoak ziren Carlos Martin Beristain eta Gloria Guzman EHUko ikertzaileak eta Arantza Chacon Saharako emakumeen babeserako euskal sareko kidea, baina ez daude Aaiunen. Atzo kanporatu egin zituen Marokok hirurak.
Las Palmastik zihoan hegazkinetik jaitsi bezain pronto kanporatu zuen Marokoko Poliziak Beristain. Chacon eta Guzman, berriz, hegazkina iritsi bezain pronto eta hankak lurrean jartzeko betarik eman gabe kanporatu zituzten Aaiundik. Casablancako aireportuan gaua pasatzera behartu dituzte. Madrilerako hegazkin batean sartu dituzte gero. Chaconek Efe berri agentziari emandako adierazpenetan salatu du Marokok "legez kanpo atxilotuta" eduki dituela biak.
Giza eskubideen urraketen biktima sahararren elkarteak antolatu ditu jardunaldiak. Saharako elkarte independentisten artean Marokoren legezkotasuna duen elkarte bakarra da antolatzaileena, baina, legezko izan arren, oztopo ugari izaten ditu.