EHUko Gobernu Kontseiluko kide batek salatuta, prebarikazioa leporatu diote Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreari. Getxoko auzitegiko epaile batek tramitera onartu du salaketa. Espainiako Gobernuak dekretuz kendu zuen Gabonetako ordainsaria, eta neurri horrek sortutako kalteak eragozteko 2013ko ekaineko aparteko pagari zegokiona aurreratu izana leporatzen zaio Goirizelaiari. Salaketaren arabera, Goirizelaiak ez zuen horretarako "legezko bermerik", eta "2012ko aurrekontuetan ez zegoen horretarako diru sailik aurreikusita". Goirizelaia gaixorik dago, eta uztailean zuen aurreikusia lanera itzultzea.
2012ko uztailean Espainiako Gobernuak administrazio publikoko langile ororen Gabonetako ordainsaria murriztea agindu zuen, errege dekretu baten bidez. Iñaki Goirizelaiak, baina, langileek abenduko ordainsari osoa kobratzeko modua bilatuko zuela esan zuen, errektoretzarako hauteskunde kanpainan. Hala, 2013ko ekaineko ordainsaria izango zena aurreratu zuen iazko abenduan, eta EHUko Gobernu Kontseiluko kide batek salatu egin zuen.
Ordainsari hori 6.700 langile inguruk jaso zuten, eta, guztira, hamar milioi eurotik gora izan ziren.