Ikasle Abertzaleek (IA) jakinarazi dutenez, talde bozkatuena izan dira EHUko fakultate eta klaustroetako ordezkariak hautatzeko hauteskundeetan. Gasteizen eta Donostian fakultate guztietan irabazi dutela nabarmendu dute, baina ez dute emaitzen daturik eman. Dena den, parte-hartzea «oso txikia» izan dela esan dute eta unibertsitateari leporatu diote «ez duela inondik inora ikasleen parte-hartzea bultzatzeko ahaleginik egiten».
IAren arabera, ikasle mugimenduak gehiengo osoz irabazi ditu hauteskunde etabere esanetan, «euskal ikasleek beste behin ere Bolognaren aurrean hitza hartu, eta inposaketa horren aurkako botoa eman dute». Azaldu dutenez, «unibertsitateko erakunde ez demokratikoen aurrean ikasleen hitza entzunarazteko» baliatu dituzte hauteskundeak eta helburu bera izango dute abenduaren 19an Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo diren hauteskundeetan.
MANIFESTAZIOA LEIOAN. Unibertsitatean ikasleen iritzirik ez dela errespetatzen salatu du IAk: «Ikasle ordezkaritza erakunde hauetan erabat sinbolikoa da; hauteskundeen xedea sistema zilegitzea da». Hala, unibertsitateko sektoreen hitza modu ezberdinean kontuan hartzea arbuiatu dute. «Egoera horren ondorio da Bolognako prozesua».
Ikasle Abertzaleek abenduaren 20ean manifestazio nazionala antolatuko dute Leioan (Bizkaia) «Bolognaren inposaketaren aurkako ikasleen hitza zabaltzeko». Ikasleei dei egin diete egun horretan Leioan elkartzeko, «merkaturatze prozesu horren aurka» .
EHUko hauteskundeak irabazi dituela esan du IAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu