HEZKUNTZA

EHUko ikasleek Udalbiltzako udaletan praktikak egingo dituzte udan

Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko ikasleek lau udaletan energia efizientziaren inguruko azterketak egingo dituzte aurten.

Jose Ignacio San Martin eta Luis Intxauspe. UDALBILTZA
2016ko martxoaren 16a
08:36
Entzun

Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek eta EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) koordinatzaile Jose Ignacio San Martin Diezek akordio horren berri eman dute. Azaldu dute aipatutako ikastegiko ikasleek Udalbiltzako kide diren lau udaletan azterketak egingo dituztela energia efizientziaren inguruan. Udalbiltzak lotura lanak egin ditu EHUren eta udalen artean, eta, horren ondorioz, lau udalek prestasuna agertu dute egun Euskal Herriko Unibertsitatean sortzen den jakintza hori modu praktikoan aplikatzeko euren udalerrietan.

Hori horrela, sei proiektu bultzatuko dituzte ikasleek lau udalotan. Atxondon (Bizkaia), bertako eskolaren efizientzia energetikoaren inguruko azterketa egingo dute, indarguneak eta ahulguneak aztertuz eta efizientzia hobetzeko aukerak proposatuz. Hernanin (Gipuzkoa), berriz, bi proiektu bultzatuko dira. Alde batetik, herrian biomasa sistema ezberdinak martxan jarri eta horiek bertako ezpalarekin hornitu ahal izateko beharrezko azpiegituraren inguruko azterketa egingo dute, eta, bestetik, udal eraikin publikoen azterketa termografikoa egingo da,  galtzen duten beroaren inguruko dokumentazio grafikoa biltzea helburu.

Aramaion (Araba), udalaren baso sail publikoan dauden egur baliabideen azterketa osatuko dute ikasleek, eta bertatik zenbat energia lor litekeen kalkulatu beharko dute. Azkenik, Orexan (Gipuzkoa), beste bi proiektu bultzatzea aurreikusi dute. Herriko gazta kooperatibaren efizientzia energetikoa aztertuko dute, energia kontsumoaren galera nagusiak identifikatzeko eta horiek murrizteko proposamenak eginez. Eta, bestetik, herriko zentral hidroelektriko zaharra berriztatu eta martxan jarri ahal izateko aukerak aztertuko dira. Aldeko aukerak eta kontrako aukerak ikusita, hori aurrera eramateko proposamenak egin beharko dizkiote ikasleek udalari.

Orotara, praktika horietan sei ikaslek parte hartuko dute. Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek azaldu du EHUrekin abiatutako elkarlan honek emaitza onak besterik ez duela emango. “Ikasleak unibertsitatean jasotzen ari diren jakintza osatu ahal izango dute udaletan, unibertsitateak bideak zabalduko dizkie ikasleei formakuntza horretan, eta, jakintza eta formakuntza horiek gure herrietan energia burujabetzaren inguruko urratsak diren neurrian, denok irabaziko dugu”. Intxauspek gaineratu du Udalbiltzaren asmoa dela Ikerbiltza programa sendotzea eta mota honetako hitzarmenak gehitzea aurrerantzean, beste hainbat alor ere jorratzeko.

San Martin Diazek, berriz, eskertu egin du Udalbiltzak Ikerbiltza programaren esparruan emandako aukera. Lankidetza akordio horrek gradu amaierako lanaren proposamenak errealitatean gauzatzeko modua ekarriko die egun Eibarko Atalean irakasten den Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Gradua ikasten ari diren ikasleei. Alde horretatik, ikasleek praktikan jarri ahal izango dituzte efizientzia energetikoarekin eta garapen iraunkorrarekin erlazionatutako teknologia sailean jasotako ezagutza teorikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.