Goiz-goizetik, Portugalete eta Getxo, errekaren bi aldeak batzen dituen Bizkaiko Zubia aukeratu dute feministek egunaren lehenengo balorazioa egiteko. "Pozik" agertu dira, dei egin diete emakume guztiei bakoitzak nahi eta ahal duen moduan protestaldiarekin bat egiteko, eta iragarri dute eguna "historikoa" izango dela.
Metroan, ohi baino tren gutxiago
Bilboko metroan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, baina, hala ere, ohi baino tren gutxiago ibili dira —65 baino ez—, eta goiz-goizetik igarri da normalean baino jende gehiago bildu dela geltokietan eta trenen arteko itxaronaldiak ohi baino luzeagoak izan direla. Zenbait geltokitan jendea trenera sartu ezinik eta hurrengoaren zain gelditu da. Bilboko Metroak esan duenez, eguerdi aldera hasi da egoera normaltzen.
Eguna hasteko, mobilizazioa
Zenbait lekutan mobilizazioekin hasi dute eguna. Barakaldon protesta zaratatsua egin dute lapikoekin; Areetan (Getxo), berriz, gosari kolektiboa egin dute indarra hartzeko. Santurtzin, Bermeon eta beste zenbait lekutan kalejirak egin dituzte.
Zigorrak eta ezintasunak
Emakume batek baino gehiagok salatu du greba egiteko aukerarik ez dutela izan, eta lehenengo zigorren berri ere iritsi da. Sestaon, esaterako, salatu dute udalak kendu egin dituela bezperan jarritako kartelak. Beste salaketarik ere izan da.
Ana Rodriguez Lehen Hezkuntzako irakasleari espedientea zabaldu diote lantoki duen ikastetxe publikoan greba babesten zuten kartelak jartzeagatik. "Ez zuten nahi familiek greba hitza ikusterik" @berria#m8#M8Planto
— Inigo Astiz (@iastiz) 2018(e)ko martxoak 8
Pankarta zubian
Bilboko Salbe zubitik hamabost metroko pankarta more bat eskegi dute, 8M greba feminista leloarekin.
Bilboko Udalaren adierazpena
Eudelek Emakumearen Eguna dela-eta egindako adierazpena irakurri dute Bilboko Udaleko ordezkariek, udaletxeko eskaileretan egindako ekitaldian. Juan Maria Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziak irakurri dute adierazpena.
Batzar Nagusietan ere bai
Bizkaiko Batzar nagusietan ere, indar politiko guztietako emakumezko batzarkideek hamabost minutuko elkarretaratzea egin dute. Han egon dira Ana Otadui (EAJ), Arantza Urkaregi (EH Bildu), Elisa Pamparacuatro (Ahal Dugu) eta Begoña Gil (PSE-EE), besteak beste. PPko ordezkaririk ez da izan, haien batzarkide guztiak gizonezkoak direlako.
Elkarretaratzeak enpresetan
Greba egin duten emakumeek elkarretaratzeak egin dituzte goiz partean euren enpresen atarietan. Lantoki handietan jendetsuagoak izan dira elkarretaratze horiek, eta ikusgarriagoa grebaren eragina, esaterako, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo), Bilboko Metroan (Bilbo) eta Petronorren (Muskiz).
Bilboko kaleak, ubel
11:00etan kalejira hasi da Bilboko Unamuno Plazatik. Kalejira abiatu aurretik, emakumez lepo beteta egon da Unamuno plaza.
zarata Bilboko bihotzean.bertan entzunak: "duela 40 urte hogei biltzen ginen". "Gaur negar egingo dut". eta oihuak: "Gora borroka feminista" pic.twitter.com/BQFDvRWTnj
— Inigo Astiz (@iastiz) 2018(e)ko martxoak 8
Geroago, Zazpikaleak zeharkatzeari ekin diote. Bilboko beste zenbait lekutan ere elkartu dira emakumeak. Bilboko Erriberan, esaterako, bertako merkatuan greba egin duten emakumeek elkarretaratzea egin dute merkatuaren aurrean, eta, geroago, Plaza Eliptikorako bidea hartu dute.
Bilboko Erribera merkatuko emakume langileek txalo artean amaitu dute kontzentrazioa @berriapic.twitter.com/MT0uVjVaMX
— lander muñagorri (@landermg) 2018(e)ko martxoak 8
Arriagara iritsi direnean, hango plaza txiki gelditu da bildu den emakume andana hartu ahal izateko. Ordurako, Plaza Eliptikoa ere guztiz beterik zegoen.
Arriagatik Plaza Eliptikorainoko bide guztia hartu dute emakumeek. Helburua zen Plaza Eliptikoa, Kale Nagusia eta inguruko kaleak betez, emakumeen askapenaren ikurra irudikatzea. Antolatzaileen arabera, 6.000 lagun behar zituzten dena betetzeko: askoz gehiago izan dira, eta sartu ezinik ibili dira hara bertaratutakoak. Eserialdia egin dute, eta hamabost minutuko isilaldia, eraso matxistek hildako emakume guztien omenez
Beste herri askotan ere manifestazioak
Eguerdi partean Bizkaiko beste zenbait herritan ere egin dituzte manifestazio eta elkarretaratzeak: Getxon, Barakaldon, Mutrikun, Bermeon (1.500 pertsona, batukadarekin), Basaurin, Durangon (giza katea), Markinan, Gernika-Lumon eta beste askotan. Guztietan mobilizazioak oso jendetsuak izan dira.
Milaka emakume* eta giroa bero Barakaldoko Herriko plazan. #M8Planto#M8Ezkerraldeapic.twitter.com/4VGw2tTO1w
— Sestahots (@sestahots) 2018(e)ko martxoak 8
Erasoa Leioako Unibertsitatean
Leioako Unibertsitateko Mugimendu Feministak salatu du irakasle batek bi ikasle makil batez jo eta kalejiran zeuden gainerakoak iraindu egin dituela, kalejira haren bulegoaren aurrean paratu denean.
Feministek esan dutenez, fakultaterik fakultate ibili dira jai giroan eta musikaz lagunduta, grebarekin bat egiteko deia zabalduz. Osasungintza fakultatera jo dute, eta han, Kirurgia atalera joan dira, lehenago ere han arazoak izan dituztelako. Une horretan gertatu da erasoa, azaldu dutenez. Leioako Mugimendu Feministak adierazi du datozen egunetan mobilizazioak iragarriko dituztela, salaketa hedatzeko.
Herri bazkariak
Herri askotan bazkariak antolatu dituzte emakumeek, otordua etxetik ekarrita, kontsumo grebarekin bat egin ahal izateko. Bilbon, esaterako, Pilota kalean batu dira, besteak beste.