Unibertsitatea

EHUko tituludunen laneratze tasa hobetzen hasi da 2012ko promozioan

2006tik 2012ra ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean bukatu zituztenen laneratze joerak ikertu dituzte unibertsitateak eta Lanbidek. Iñaki Goirizelaia errektoreak aitortu du ez direla krisi ekonomikoa hasi aurreko tasak, baina datozen urteetan hobera egingo dela aurreikusi du.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko uztailaren 22a
12:40
Entzun

Lanbidek 2006 eta 2012 artean EHUn titulatu diren 40.000 ikasle ohiri egin die inkesta, azterlana egin ahal izateko. Promozio bakoitzari ikasketak bukatu eta hiru urtera galdetu diote bere egoeraz. Krisi ekonomikoa hasi zenetik 2010eko promozioak izan du enplegu tasa apalena: %69,4 zeuden beharrean. 2012ko promoziokoen kasuan, berriz, %79,2 zeuden 2015ean lanean. Enplegu tasa handiena osasun arloko ikasketek eta teknikoek daukate; apalena, berriz, zientzia esperimentalek eta humanitate arlokoek.

Iñaki Goirizelaia errektoreak esan du krisi garaian ere unibertsitateak ahalegin berezia egin duela laneratzean laguntzeko. Bereziki praktikek duten garrantzia azpimarratu du. 2008an 8.000 ikaslek egin zituzten curriculum barruko praktikak edo borondatezkoak; 2012an 10.000 izan ziren. Eta, orduan ez bezala, gaur egun ikasketa guztietan eskaintzen dira. Ez da praktikak egitera behartzearen aldekoa. Hori baino gehiago, ikasleak, fakultateak eta enpresak praktiken onurez konbentzitu egin behar direla iruditzen zaio. Eta uste du horretan pauso sendoak eman direla. Horregatik, aurreikusi du datozen urteetan gehiago izango direla praktikak egingo dituzten ikasleak.

Kalitateari dagokionez, krisiaren unerik latzenekin alderatuz hobetu egin da enpleguaren enkajeari —hau da, goi mailako lanpostuetan lan egiteari— eta lanegunaren iraupenari dagokienez; kontratuak, ostera, gero eta gehiago dira behin-behinekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.