EHUko Zientzia Parkea “erreferentziako” azpiegitura bat izateko sortu dute, eta 2020ra arte 11 milioi euroko inbertsioa konprometitu du Eusko Jaurlaritzak hartarako. Unibertsitatearen, zientziaren eta enpresen topagunea izatea du xede; ezaugarri horiek dituen lehen parkea da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 44.000 metro koadroko azalera du. Zientzia Parkearekin berrikuntza, transferentzia eta ekintzailetza sustatu nahi dituzte, eta, azaldu dutenez, harreman estuak ahalbidetuko ditu unibertsitateko ikerketaren eta egitura sozioekonomikoen artean. Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia euskal produkzio ehunera hurbiltzeko erraztasunak eskaintzea dute helburu.
Lau eraikin nagusi biltzen ditu parkeak, Leioako Campuseko iparraldean kokatuta: egoitza nagusia, Biofisika Institutua, Animalia Bioteknologiarako Maria Goyri Zentroa eta Martina Casiano Plataforma Teknologikoa. Zentro horiek klima aldaketa, neurozientzia, biofisika eta material berriak izango dituzte ardatz. Lehen biak martxan dira jada, eta beste biak urte amaieran irekiko dituzte. Egoitza nagusia Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoarena da, eta beste hiru eraikinak EHUrenak.
Inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria, EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte izan dira, besteak beste. Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzak ikerkuntzaren aldeko “apustu garbia” egin duela, eta zailtasun ekonomikoko uneetan "ahalegin publiko eta pribatuen elkarlanari esker” berrikuntzarako inbertsioari eutsi zaiola.