EUSKARA

Ehun egunean, urratsak urri

Iragan astean, ehun egun bete zituen Maria Txibiteren bigarren gobernuak, eta emaitza eskasa da euskararen alorrean. Helduen euskalduntzean egin dituzte urrats batzuk; esparru juridikoari eta eskubideei dagokienez, ordea, apenas igarri den aldaketarik.

Maria Txibite parlamentuan
Maria Txibite, entzungailuak jarrita, euskarazko hitzaldi bat aditzen, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Hasierako «egun on» eta bukaerako «eskerrik asko» kenduta, Maria Txibite lehendakariak ez zuen euskaraz hitz erdirik ere esan, legealdiko lehen ehun egunen aitzakiarekin eginiko diskurtsoan. Gobernu baten jarduna ebaluatzeko tenorean, kautela epemugatzat jo ohi dira lehen ehun egunak, eta Txibiteren bigarren gobernuak iragan astean gainditu zuen langa hori. Horren karira, agerraldi instituzionala egin zuen lehendakariak, Begoña Alfaro, Felix Taberna eta Ana Ollo lehendakariordeekin batera, departamentu guztien lorpenak nabarmentzeko. Diskurtso hartan, euskaraz hitzik ez, eta euskarari buruz ere ez: gobernuak ehun egunotan abian jarritako proiektu, azpiegitura eta zerbitzu garrantzitsuenei buruz hitz egin zuen lehendakariak. Aipatu zituen, besteak beste, N-121-A errepideko lanak eta AHTarenak, Osasunbideko itxaron zerrendak murrizteko plana, berdintasun arloko politikak, hezkuntza publikoa eta autogobernua. Hizkuntza politikari, baina, ez zion segundo bakar bat ere eskaini, 22 minutuko agerraldian. Egun on eta eskerrik asko.

Egiazki, ehun egun gutxi dira gobernu baten jarduna epaitzeko. Txibitek berak esan zuen halakorik: «Argazki finko honen balioa sinbolikoa da, erreala baino gehiago. Ehun egunotan apenas hasiak garen bidea urratzen, baina herritarrei erakutsi nahi diegu norabide egokian goazela». Horregatik, webgune berezi bat sortu dute propio, orain arteko lorpenez harago, datozen hilabete eta urteetarako erronkak ere biltzen dituena. Ordea, atari horretan ere bazter utzi dute euskara. 60tik gora egitasmoren berri eman du Nafarroako Gobernuak, eta bi besterik ez dira hizkuntza politikari lotutakoak: eremu digitalean euskararen presentzia sustatzeko Gaitu eta Sarean Euskaraz proiektuak, batetik, eta helduen euskalduntzea sustatzeko emaniko laguntzak, bestetik. Geroa Bairen esku dagoen Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren sinadura daramate biek ala biek. Horra legealdi hasierako argazki osoago bat, euskara ardatz hartuta.

Hezkuntza: lehengo lepotik burua

Irailean, urte berrirako asmoak eta erronkak azaldu zituen Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok Nafarroako Parlamentuan. Agerraldi hartan, esan zuen «eleaniztasunaren aldeko apustu sendoari eutsi» nahi diola, eta asmoa duela «hezkuntza alorrean euskararen erabilera indartzen segitzeko». Konpromiso horren adibidetzat jarri zuen gobernu itunean jasotako puntuetako bat: Haur eta Lehen Hezkuntzan D eredua eskaintzen duten udalerri guztietan euskarazko lerroa Bigarren Hezkuntzara ere zabaltzea. Oraingoz, Tafallako eta Lodosako institutuetan aplikatu dute.

Gobernuak lorpenen artean aipatu du Iruñeko Lezkairu auzoan eraikitako eskola berria ere. Aurtengo irailean zabaldu zuten, eta, bertan D eredua eskainiko zuela iragarria zegoen arren, praktikan ez da hala izan —PAIren gisako programa eskaintzen dute, baina alemanez—. Gimenok azalpenak eman behar izan zituen legebiltzarrean horregatik, eta, haren esanetan, euskarazko ereduak izandako «eskari urriarengatik» ez da D ereduko lerrorik zabaldu. Azaldu zuen auzoko 56 familiak aukeratu zutela D eredua, baina beste zentro batzuetan izena eman zutela, eta ez Lezkairun. Oposizioarentzat, alta, hori ez da eskari faltaren seinale, Hezkuntza Departamentuaren «kudeaketa txarraren ondorio» baizik. EH Bilduko Eneka Maizek salatu zuen gobernuak «informazio eskasa» eman ziela Lezkairuko familiei, eta euskarazko lerroari buruz galdezka joan ziren gurasoei «modu txarrean» erantzun zietela ikastetxean. Euskarazko hezkuntza nahi zutenak «auzotik kanpora bidali» zituztela, alegia.

Helduen euskalduntzea: doakotasuneranzko bide luzea

Euskarabideak eta 33 toki entitatek sustatutako Euskara, ahora kanpaina da Nafarroako Gobernuak aurten jar dezakeen domina bakanetako bat. Ana Ollok, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko buruak, kanpainaren aurkezpenean azaldu zuenez, «5.000 pertsonak baino gehiagok euskara ikasten dute Nafarroan, euskaltegiak, hizkuntza eskola ofizialak eta administrazioak batzen dituen ekimen honi esker». Euskarabideak, gainera, xedetzat hartu du helduen euskalduntzea doakoa izan dadila. Urrun du oraindik helburu hori, baina urrats batzuk egin ditu azken urteetan. Aurten, inoiz baino diru laguntza gehiago eman ditu: 350.000 euro ikasleentzat —iaz baino 50.000 euro gehiago, %30eko igoera— eta 2,46 milioi euro euskaltegientzat —iaz baino 360.000 gehiago, %17ko igoera—.

Administrazioa: merituen dekretua, «aurki»

Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdien artean tirabirarik handienak sortu dituzten puntuak dira, bat, euskarari lege babesa emateko beharra, eta bi, administrazioa bera euskalduntzea. Horri lotutako lege egitasmo guztiak trabatu ditu PSNk orain arte: merezimenduen dekretua, departamentuetako euskara planak eta Euskararen II. Plan Estrategikoa. Azken hori baztertua dago, eta oraingo itun programatikoan ere «desadostasunen multzoan» sartu behar izan zuten. Merezimenduen dekretua, berriz, «urtea bukatu baino lehen» onartzeko asmoa du gobernuak. Lan deialdi publiko gutxi batzuetan —funtsean, Osasunbideko oposizio lehiaketetan eta lekualdatze prozesuetan— euskararen ezagutzak zer pisu izanen duen arautuko du dekretu horrek. Euskalgintzak gogor kritikatu du araua, euskara ez baita meritutzat hartuko eremu ez-euskalduneko deialdietan —bai, ordea, frantsesa, ingelesa eta alemana—. Administrazioa euskalduntzeko tresnarik eraginkorrena, baina, departamentuetako euskara planak dira: horietan zehazten da zeintzuk diren lanpostu elebidunak; hots, euskara jakitea eskakizun gisara duten horiek. Planak «legealdi honetan» onartuko dituztela esana du Funtzio Publikoko kontseilari Amparo Lopezek, baina «lasaitasuna» eskatu du: «Lan kargak uzten digun heinean onartuko ditugu». Ez aurrera ez atzera, beraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.