Usurbilgo burdinola batean egin zuten aurkikuntza, joan den astelehenean. Antza, zanpatutako freskagarri potoak zeuden edukiontzian, eta haiek sutara sartu zituztenean ohartu ziren botatzen zuten kea ez zela ohikoa. Hala, labea aztertzen hasi zirenean konturatu ziren kokaina fardelak zeudela potoen barruan. Orotara, 90 fardeletan banatutako ehun kilo kokaina aurkitu dituzte orain arte.
Ertzaintzak jakinarazi du zabalik dagoela ikerketa, eta azken orduetan zakurrekin aztertu ditu burdinolako edukiontziak, droga gehiago ote dagoen jakiteko.