ETAk su-etena hausten zuela iragarri eta hiru egunetara Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi atxilotzeko agindu zuen. Ekainaren 8an atxilotu zuten, eta geroztik Martuteneko espetxean dago. Argalaren omenaldian egin zituen adierazpenengatik Auzitegi Nazionalak 15 hilabeteko zigorra jarri zion, ETAk su-etena hausten zuela iragarri eta bi egunetara Gorenak zigorra berretsi zuen, eta «ihes egiteko arriskua zuela» argudiatuta atxilotu zuten Batasuneko bozeramailea. Irailaren 9an atxilotu zuten Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Mugimenduko bozeramailea; urriaren 2an, Oihana Agirre Askatasuneko kidea Joseba Alvarez Batasuneko Mahai Nazionalkidearekin batera, eta zetorrenaren iragarpena zirudiena gertatu zen. Mahai Nazionalaren kontrako polizia sarekada agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Urriaren 5ean 25 pertsona atxilotu zituzten Batasuna «berrantolatzen» ari zirela egotzita; gehienak mahai nazionalkideak. Gorka Diaz eta Asier Imaz gero atxilotu zituzten, eta Mahai Nazionalkideetan azkena asteartean atxilotu eta espetxeratu berri dute: Marije Fullaondo.
18/98ko auziaren epaiak eragin du beste sarekada handia. 42 lagun atxilotu dituzte guztira, azaroaren 30ean hasi zen polizia operazioan. Bermea ordainduta batzuk aske geratu diren arren, 36 euskal herritar gehiago Espainiako Estatuko espetxeetan sakabanatuta egotea eragin du. Epaia ematerako atxilotu zituzten gehienak, «ihes egiteko arriskua» zutela argudiatuta.
GAZTEEN KONTRAKO SAREKADAK. Kale erasoak egitea egotzita eta Segiren egitura osatzea leporatuta atxiloketa ugari agindu ditu Auzitegi Nazionalak azken hilabetetan. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak egin ditu gehienetan atxiloketa horiek. Urriaren 30an zazpi gazte atxilotu zituzten Donostian. Bost egun inkomunikatuta eduki ostean, zazpi horietatik bost espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, eta bi aske utzi zituzten. Tratu txarrak salatu zituzten guztiek.
Astebetera beste 15 lagun atxilotzeko agindua eman zuen Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak. Azaroaren 6an izan zen polizia operazioa, Donostian. Lau baino ez zituzten atzeman euren etxeetan, baina hamabost etxe eta lau lokal gutxienez miatu zituzten. Lau gazte horiek ere inkomunikatu egin zituzten eta torturak salatu zituzten inkomunikazioaldia amaitu eta aske utzi eta gero.
Grande Marlaskak agindua zuen hamabost gazte atxilotzeko, eta abenduaren 4an abokatuekin euren kabuz deklaratzera zihoazela Auzitegi Nazionalaren atarian atxilotu zituzten guztiak. Horiek ez zituzten inkomunikatu eta konfiantzazko abokatuarekin deklaratu ahal izan zuten. Hamabostetik zortzi espetxeratzeko agindu zuen.
Gisa bereko beste operazio bat egin zuten azaroaren 20an, Burlatan. Sei gazte atxilotu eta inkomunikatu zituzten. Haietarik lau espetxeratzeko agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Torturak salatu zituzten guztiek.
Askatasunak polizia operazio horien guztien atzean gazteria kriminalizatzeko saioa dagoela salatu du. Eta Espainiako Gobernutik egindako «gerra estrategiaren propagandatzat» jo ditu operazioak.
Espetxeratze kopuruak gora egitea eragin duen beste auzia zigorra betetzeko argudiopean egindakoa izan da. Hogeitik gora izan dira aurten arrazoi hori medio espetxeratu dituztenak. Joan den astean torturapeko adierazpenak oinarri dituen epai batean zigortutako bederatzi gazte atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, bina urteko kartzela zigorra betearazteko. Haietariko lau dagoeneko atxilotu dituzte.
IPARRALDEKO SAREKADA. Presoen kopuruak denbora gutxian gora egitea Espainiako Auzitegi Nazionaleko aginduek eragin badute ere, Iparraldean ere izan da sarekadarik. Hamahiru lagun atxilotu zituzten irailaren 24an, Baiona, Ezterenzubi, Ortzaize eta Donibane Garazin egin zen sarekadan. 200 polizia baino gehiagok parte hartu zuten. Alain Ducasse sukaldariaren aurkako erasoak izan ziren, Poliziaren arabera, atxiloketen arrazoia. Atxilotu eta galdekatu ostean aske utzi zuten Ihintza Oxandabaratzek operazioa mediatikoa izan zela salatu zuen: «Bi egunez ez didate deus galdetu Ducasse aferaren inguruan. Horrek argi erakusten du operazio mediatiko baten aitzinean garela, Poliziaren trikimailua gizarte eragileak kriminalizatzeko eta beldurtzeko».
45 preso erabat bakartuta daude espetxeetan
Zazpiehundik gora dira euskal presoak,eta 83 espetxetan sakabanatuta dituzteg. izagirre
«Batzuk irautea lortzen dute eta beste batzuk ez». Hala laburbiltzen du Ixiar Arrizabalaga preso ohiak espetxean bakartuta egotearen erronka. Eta Joan Bidart ez lortzekotan egon zen. Bi hilabete baino ez zeramatzan preso orzaiztarrak (Nafarroa Beherea). Eta bere buruaz beste egiten saiatu zen. Egun, baldintzapean aske dago. Inolako arazorik ez zuen pertsona bat heriotzaren atarira eraman zutela salatu zuen Askatasunak. Eta ildo horretan kokatzen du Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurka Espainiako zein Frantziako gobernuek daramaten bakartzepolitika. 700 euskal preso 83 espetxetan sakabanatuta dituzte. Kartzela berean egonda ere, maiz ez dituzte kolektiboko kideak elkarrekin jartzen. 45 preso daude bakarrik kartzelan, kolektiboko kiderik gabe. Beste zenbaitetan, presoak bakarrik egoteaz gain, isolamendu moduloan jartzen dituzte. Ez duzu beste presoekin harremanik, soilik funtzionarioekin izan dezakezu hartu-emana, eta patioa txikiagoa izateaz gainera, kanpora ateratzeko orduak ere murriztu egiten dira. Frantziako Estatuan Mitardera zigortuz gero, ziega batean bakarrik geratzen da presoa. Bisitak galtzea ere eragin dezake zigorrak. Horrenbestez egunak, hilabeteak eta urteak egin ditzake presoak egunerokoan inorekin hitzik egin ahal izan gabe, funtzionarioa baino ez duelako ikusten.
Sakabanaketa politikaren beste aurpegietako bat da bakartzearena. Presoari jendearekin hitz egitea debekatzea, jendea ikustea debekatzea, hartu-emanak izatea debekatzea, lau hormetara mugatzea euren bizimodua, eta egunak joan eta egunak etorri, berdin. Zenbaitetan urteak joan eta urteak etorri, berdin. Bizi baldintza horiek eragin dezaketenaz beldurra agertu izan dute presoen senideek. Eta politika horren helburua zein den ere salatu dute: bakartasunean dagoena haustea, behera etortzea, suntsitzea.
BERE BURUAZ BESTE EGITEKO SAIOAK.Aurten lau preso izan dira bere buruaz beste egiten saiatu direnak. Laurak bakartuta zeuden espetxean. EPPK-ko kiderik gabe. Iaz, berriz, egoera berean zeuden bi preso hil egin ziren: Roberto Saiz eta Igor Angulo. Biak Espainiako Estatuko espetxetan zeuden. Halere ez dute jarri hori konpontzeko biderik. Aitzitik, euskal presoen aurkako bakartze politika gero eta bortitzagoa da.
Asteak pasatu nituen
inorekin hitz egin gabeIxiar Arrizabalagak bi urte eta erdi pasatu zituen Kanaria uharteetako Salto Del Negro espetxean bakarturik. Ikaragarri galdu zuen bista.oihana elduaien
Zestoa
Ixiar Arrizabalaga 18 urtez egon zen preso Espainiako espetxeetan, eta bakarturik pasatu zituen haietako asko. Carabanchelen euskal preso guztiak batera egotetik Las Palmaseko Salto del Negro espetxean bi urte eta erdi bakarturik egotera pasatu zen. Asteak ematen zituen inorekin hitz egin gabe. Esperientzia gogorra dela eta inpotentzia handia sentitzen dela dio. Nolanahi ere, gizakia bizirik irauteko sortutako animalia dela uste du, eta egoera gogorrenari aurre egiten diola. «Une horietan kanpotik etorritako edozer arnasa da».
Carabancheletik Yeseriasko espetxera eraman zuten (Madril); handik Puerto de Santamariara (Cadiz); gero, berriz, Yeseriasera; handik Salto Del Negrora (Kanaria uharteak); gero Bonxera (Galizia); eta azkenik Villabonara (Asturias).
Arrizabalagak argi du bakartzearen helburua presoa fisikoki eta psikologikoki suntsitzea dela. Presoaren helburua, berriz, «iraun», eta espetxetik sartu bezala irtetea dela. «Batzuek lortzen dute, eta besteek ez». Euskal presoei «ahalik eta egoera gogorrenak jartzen saiatzen dira».
Salto del Negron pasatu zituen bi urte eta erdian 24 ordutik bi baino ez zituen pasatzen patioan. Gainerako 22 orduetan ziegan egoten zen. Hori zigortuta ez zegoenean, orduan ordubete besterik ez zuen pasatzen ziegatik kanpo. Gainera, ziegako leihoan xareta jarri zioten, diskoteka efektua deitzen diotena egiteko. «Ikaragarri galdu nuen bista han». Kanpokoa ikusi nahi bazuen leihoari pega-pega eginda jarri beharra zeukan, bestela ez zegoelako perspektibarik.
Gehienetan ez zituen kartzelako langileak besterik ikusten. Halako batean, inorekin hitz egin gabe egunak zeramatzala konturatu zen. Medikua egunero joaten zitzaien presoei zerbait behar zuten galdetzera, eta hari ere ezetz buruarekin esaten ziola jabetu zen. «Beldurtu egin nintzen. Hitz egiten ahaztuko zitzaidala pentsatu nuen». Horregatik, egunero hamar bat minutuz bere buruarekin hitz egiten hasi zen. Erdi barrez gaineratzen du «orduan burutik joango nintzela pentsatu nuen».
Familiakoekin telefonoz hitz egin gabe urte eta piku pasatu zuen. Deiak egiteko aukera kendu baitzieten. Zorteko sentitzen da familia handia duelako, eta hilean behin norbaitek oporrak hartu eta harantz joateko modua egiten zutelako. «Badira ezin dutenak hori egin, ekonomikoki ikaragarria delako, eta, batzuen gurasoak zaharrak direlako».
Ez du harritzen bakartutako zenbait presok beren buruaz beste egiteko saioak egiteak. «Ezintasun handia sentitzen duzu mila gauzaren aurrean. Ezin duzu ezer egin. Bakarrik zaude, eta ez daukazu inorekin hitz egiterik. Kaleko batentzat zaila da hori guztia ulertzea. Kalean beti hitz egiten duzu norbaitekin, saltzailearekin, bizilagunarekin... Baina espetxean hilabeteak pasa ditzakezu bisitan joaten zaizkizunekin bakarrik hitz eginaz».
Jendearekin harreman gutxi izan, eta gainera haietan presoek ezin dutela barrena hustu nabarmendu du Arrizabalagak. Bisitetan hizketaldi guztiak grabatzen dituzte, eta eskutitzak ere irakurri egiten dituzte. «Gaizki baldin bazaude, ez duzu nahi etsaiak jakiterik gaizki zaudela. Beraz, jaten-jaten joaten zara, eta zirkulu bat bihurtzen da».
«Beldurtu egin nintzen. Hitz egitenahaztuko zitzaidala pentsatu nuen»
ixiar arrizabalaga
preso ohia
Funtzionamendua ulertzeko
laguntzarik ezBeste euskaldunak dauden kartzeletan ez bezala, presoek bakarrik moldatu behar dute presondegiko bizia ezagutzeko.
Eneko Bidegain
Baiona
Espetxean sartzeko unea ez da berdina presondegian beste euskal preso batzuk badaude ala ez. «Presoek sekulako babesa ekartzen dute», azaldu du Muriel Lucantis preso ohiak. «Espetxeko sistema azaltzen dute». Beste presoen laguntzarik gabe, sistema horren ulertzea luzeago dela esplikatu du.
Espetxe batean euskal preso talde bat baldin bada, «gauza batzuk lortu» dituzte. Presondegi horretara iristen den presoak «borrokaren fruitu» horiek nabaritzen ditu. Beste euskal presorik ez dagoen presondegietan, aldiz, lorpen horien guztien alde borrokatu behar du presoak, bakarrik. Gaxuxa Arranbideri bi aldiz gertatu zitzaion hori. Angulemako (Frantzia) presondegian sartu zutenean, euskaldun bakarra zen. Han sei hilabetez han egon ondoan, Perpinyara (Ipar Katalunia) eraman zuten. «Kartzela bakoitzak bere funtzionamendua du. Berriz egin behar duzu zure lekua. Beste kartzeletan borrokaz lortua berriz desagertzen da, berriz borrokatu behar duzu. Zure barnetik beti atera behar duzu indarra».
Anguleman sartu zutenean, borrokatu zen espetxeko bizia hobetzeko. «Oso kartzela berezia da. Bost ziega eta hamabi preso ginen. Ez zen aktibitaterik. Dena egina zen ziega haietan metaturik eta isilik egon gintezen. Egunero daude gehiegikeriak. Bakarrik zarenean, pareta baten kontra bezala borrokatzen zara».
Zuzendaritzarekin arazo handiak ukan zituen. Presoa «pertsonalki ezabatzeko» ahalegina salatu du Arranbidek. «Ez duzu eskubiderik. Isildu behar duzu. Erraten dizute kartzelan zaudela, merezi duzulako, kaka bat zarela...». Beste euskal presorik ez dagoen kartzeletako zuzendariek eta zaindariek ez zuten inoiz euskal presorik ikusi. «Mamu gisa aurkezten gaituzte denen aurrean. Bakarrik zaudenean, inpunitate osoz, zernahi egiten dute».
Muriel Lucantisek gogoan du Fleury Merogisen (Frantzia) sartu zutenean, zaindariek preso sozialei erraten zietela euskal presoek «umeak hiltzen» zituztela eta abar. Preso sozialak euskal presoen aurka ezartzeko ahalegina egiten badute ere, euskal presoak taldean izateak «babesa» ematen duela argitu du Lucantisek. Beste presoen «errespetua» ere lortzen dute, taldean izanik. «Beste euskaldunekin bazara, zaindariek eta preso sozialek zure arazoa ezagutzen dute. Normalki, errespetu handia dute euskaldunentzat». Beste euskal presoengandik bereiziz, «babes hori kentzen» dute. «Zaindariek eta preso sozialek ez zaituzte gehiago militante gisa ikusten».
Bakartze politika hori Ipar Euskal Herriko presoei jasanarazten dietela dio Muriel Lucantisek. Azkenaldian, gainera, emazte anitzek jasaten dute egoera hori. Bakartze horren ondorioa familiek berek pairatzen dute. Irailean atxilotu zituztenen familientzat «oso desberdina izanen zen beste senideekin joatea bisitak egitera», Lucantisen ustez. «Asko ikasiko zuten, eta sostengu ederra jasoko zuten». Urruntasun hori familien bisitak jasotzeko traba bat dela gehitu du. «Hain urrun da, non, familia babesteko, presoak berak erraten baitie ez hainbeste aldiz joateko. Eta, azkenean, are gehiago handitzen da bakartasuna».
«Beste kartzelan borrokaz lortua berriz desagertzen da, kartzelaz aldatzean berriz borrokatu behar da»
Gaxuxa Arranbide
Preso ohia