Ehundik gora eragilek babestu dute gaur Donostian egingo den martxa

Saguestik abiatuko da, 17:30ean, 'Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Josu Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru euskal presoak aske uzteko eskatuko du gaur Donostiako kaleetan. Herrira mugimenduak deitu du manifestazioa, Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. 17:30ean abiatuko da martxa, Saguesen hasi eta Okendo plazaraino. Mobilizazioari atxikimendua eman diote hainbat alorretako ehundik gora eragilek. Ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta EH Bildu; LAB, ELA, EHNE eta Hiru sindikatuak, eta euskal gizarteko hainbat pertsona ezagun: Mikel Astarloza eta Mikel Aranburu kirolariak, Ramon Agirre eta Klara Badiola aktoreak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, besteak beste.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean EH Bilduk eskatu du Uribetxeberria «berehala» askatzeko, «bere eskubidea duelako, legeak hala diolako eta euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duelako». Era berean, indarrean den espetxe politika amaitzeko exijitu du eta manifestazioan parte hartzeko deia egin du. «Salbuespeneko egoera honen inguruan dei bat egiten diegu euskal herritar guztiei eta gainontzeko alderdi eta arduradun politikoei, kalera atera daitezen espetxe politika hiltzaile hau bertan behera utz dezaten eskatzeko», adierazi du EH Bilduk.

Auzitegiaren baimena

Gaurko manifestazioa debekatzeko eskatu zuten AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, UPD alderdi politikoak eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak, ekimen horretan «terrorismoa goretsiko» zela argudiatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, baina, baimendu egin du martxa.

Atzo kaleratutako auto batean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak dio ez duela ikusten presoen aldeko martxa horrek ETA goraipatzeko helburua duenik. Adierazi du zilegi dela espetxe politiken inguruko aldarrikapenak egitea, eta autoan gogorarazi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu berri duela Parot doktrina ezartzeagatik Ines del Rio euskal presoari.

Velasco epaileak, halaber, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ere baimendu egin duela manifestazioa, baina ibilbidea aldatuta, eta euskal presoen argazkiak erakustea debekatuta. Hori hala, Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoak dio poliziak zelatan egongo direla manifestazioan zehar euskal presoen argazkirik erakuts ez dadin, inongo delitu zantzurik ezegoteko eta martxa normal egin dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.