Ikasle Abertzaleak, Euskal Herriko ikasle langileen antolakunde sozialistak, Eskola Ibiltaria antolatu zuen ostiralean, Azpeitian (Gipuzkoa). Beste urte batez ehunka gazte elkartu ziren ikasle mugimenduaren formakuntzarako eta aisialdirako topaleku izatea helburu zuen egitasmoan.
Goizean goizetik hasi zuten egitaraua, mendi irteera batekin, eta bazkalostean hitzaldiak antolatu zituzten Soreasu antzokian eta Azpeitiko Gaztetxean. Hitzaldietan, alde batetik, nazio auzia «perspektiba komunista batetik» aztertu zuten; bestalde, Ikasle Abertzaleek azken urteetan izandako ibilbideari erreparatu zioten, eta «etorkizuneko jardun politikoaren gako estrategikoen» inguruko hausnarketa eta ekarpenak egin zituzten. Gero, ekitaldi politikoa izan zen Soreasun. Bukatzeko, afaldu ostean, Rodeo eta Desgaraian taldeek kontzertua eskaini zuten gaztetxean.
Antolakuntza
Antolakundeak azpimarratu nahi izan zuen datozen urteetako aldaketa eta erreformen ondorioak langileriak «jasango» dituela, eta horri aurre egiteko errealitatea aztertu eta eraldatzeko «tresna eraginkorrak» martxan jarri behar direla. Horrez gain, baieztatu zuten «hezkuntzako ofentsiba kapitalistari» aurre egin eta ikasle langileen interesak defendatuko dituztela. Eta horretarako «hausnarketa guneak» eratuko dituzte.
Ikasle Abertzaleakek Eskola Ibiltariarekin eman zion amaiera ikasturte politikoari.