11:00etan ekin zioten atzo Matxinsalto Egunari Soraluzen, "gazteen kontzientzia berreskuratzeko" asmoz. Antolatzaileen arabera, autobus ugari joan zen hainbat eskualdetatik. Ehunka gazte bildu ziren. Gehienek jakinarazi zuten Poliziaren kontroletan geratu dituztela.
Soraluzeko harreraren ondotik, zazpi tailerretan banatu ziren: harremanak eta sexualitatea, komunikazioa, hezkuntza, kultura, aisialdia, nekazaritza eta sozio-ekonomian.
"Ikustera eta ikastera gatoz, elkarrengandik ikastera", esan zuten Matxinsaltoko arduradunek hasierako ekitaldian. "Kolektibotasunak eta elkarlanak indartzen gaitu. Baina lan kolektiboak funtziona dezan, ezinbestekoa da norbanakoak bere hondar alea eman eta jarrera iraultzaileak bereganatzea, autokritikoa eta inkonformista izatea, errebeldea".