Ehunka herritar bildu dira azaroko azken ostiraleko elkarretaratzeetan

Lau euskal preso zigortu dituzte egunotan Espainiako nahiz Frantziako espetxeetan

Dozenaka lagun bildu ziren Donostian, euskal preso eta iheslariak Euskal Herriratzea eskatzeko. JON URBE / ARP.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hileko azken ostiralero legez, ehunka herritar batu ziren atzo ere Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzeetan. Egin Dezagun Bidea egitasmoak deitutako mobilizazioetan presente egon ziren hark datorren urtarrilaren 7rako Bilbon deitua duen manifestazioa eta manifestazioaren aurretik ekin dion sinadura bilketa erraldoiaren kanpaina.

Besteak beste, Arrasaten 270 herritar batu ziren, Aretxabaletan 60 eta Azpeitian 170; 96 lagun, berriz, Zaldibian eta 51 Hondarribian; Eskoriatzan 47. Arrigorriagan 51 herritar bildu ziren, 90 Leioan, eta Bakioko elkarretaratzean 40; Zaratamon, berriz, hamasei lagun batu ziren elkarretaratzean, eta Zeberion 27. Basaurin, Txus Martin herriko preso gaixoa izan zuten gogoan elkarretaratutako dozenaka lagunek. Irurtzunen 25 herritarrek hartu zuten parte, eta Berriozarren 35ek.

Etxerat elkarteak jakinarazi zuenez, bestalde, Espainiako Puerto III espetxean diren Sebas Lasa eta Arkaitz Bellon euskal presoak berriro bakartu egin dituzte, duela gutxi zigor hori kendu bazieten ere. Kartzela funtzionarioekin izandako eztabaida soil bat nahikoa izan zen 100.2 artikulua kendu eta berriro 91.2 artikula ezartzeko. Bi euskal presoek gose grebari ekin diote.

Askatasunak informatu zuenez, berriz, Frantziako Dijongo espetxean diren Oihana Garmendia eta Itziar Moreno presoak ere zigortu egin dituzte, eta bakartu, euren senide eta lagunen bisitak 45 minutukoak izan beharrean 90ekoak izateko eskatu eta erantzunik jaso ez zutelako protesta egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.