SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren erdian dago mundua, baina SARS-CoV-2 birusa ez da munduan dagoen koronabirus bakarra. Hori ondorioztatu dute Eco Health Alliancek eta Wuhaneko Birologia Institutuak egindako ikerketa batean. Saguzarrei 2010 eta 2015 artean egindako probak aztertu dituzte, eta saguzar horietan koronabirusen 1.200 sekuentzia genetiko atzeman dituzte; horietatik 630, gainera, berriak dira, inoiz atzeman gabeak.
Bertze datu argigarri batzuk ere utzi ditu ikerketak: aurkitutako birusak espezie artean kutsatzeko arriskua handia da. Hala, SARS-CoV-2 birusaren jatorria saguzarretan dagoela ondorioztatu du ikerketak. Koronabirusen «aniztasun handia» dagoela ere adierazi du.
Carlos Zambrana Eco Health Allianceko ekologoak nabarmendu du Txinako hego-mendebaldea birusak hedatzeko toki aproposa dela: «Bertan hiru faktore garrantzitsu elkartzen dira: ezaugarri ezberdinak dituzten milaka saguzar espezie daude; pertsonen dentsitate handia dago; eta gizaki eta saguzarren artean etengabeko harremana dute, gizakiek ehizatu eta jan egiten dituztelako». Hala, Zambranok nabarmendu du aukera handia dagoela etorkizunean bertze pandemia batzuk izateko.
SARSa, MERSa ETA COVID-19a eragin dituzten koronabirusak betakoronabirus izeneko talde espezifiko batekoak dira. Egin berri duten ikerketan, ordea, atzeman dute alfakoronabirusak direla espezie artean transmititzeko aukera handiena dutenak, eta ez betakoronabirusak.
Koronabirusen beste pandemia batzuk ekiditeko, Txina Hegoaldeko, Myanmarko, Laosko eta Vietnamgo saguzarretan dauden koronabirusak ikertzeko eskatu dute ikerlariek. Ikerketaren emaitzez harago, Zambranak nabarmendu du ez direla saguzarrak estigmatizatu behar, eta ekosisteman onurak eragiten dituztela.