Ehunka lagunek parte hartu dute Iruñean Nazio Eztabaida Guneak bultzatuta Burujabetzaren alde. Zazpiak bat. Nazioa gara lelopean egin den manifestazioan. Hain zuzen ere, lelo hori jasotzen zuen pankartak zabaldu du manifestazioa, eta, besteak beste, Martxel Toledok, Garbiñe Buenok, Tasio Erkiziak, Castillo Suarezek eta Paula Casaresek eraman dute. Golem zinemetatik abiatu eta Sarasate pasealekura arteko bidea egin dute, Nafarroako Parlamentuaren aurrean amaitzeko.
Maite Aristegik agertu duenez, Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea dira konponbidearen giltzak, eta horiek aldarrikatzea izan dute helburu. Egun "egoera beltz" ikusten dela esan du Aristegik, baina aipatutako gako horien bidetik irtenbidea posible dela nabarmendu du. Erabakitzeko eskubidea euskal herritar guztiena dela erantsi du, eta, besteak beste, horregatik egin dituztela ekitaldiak Iruñean, "Euskal Herriaren bihotzean". Aristegiren ondoren Aitziber Sarasola AEK-ko arduradunak hartu du hitza; Oskar Estanga bertsotan aritu da ondoren, eta amaitzeko, bi txistularik Nafarroako ereserkia jo dute.
Espainiako Poliziaren ibilgailu joan da bide guztian segizioaren aurretik, baina giro lasaian joan da manifestazioa; tarteka "independentzia" oihukatu dute manifestariek, baina isilik egin dute ibilbide gehiena.
Nolanahi ere, Nazio Eztabaida Gunearen gaurko ekimena ez da manifestaziora mugatu. Aurretik, goizean zehar, Nazio Plaza ekimena eraman dute aurrera. Ekimenaren bultzatzaileek uste dute "nazio gisa urratsak" egiteko garaia dela, eta urrats horien nondik norakoa aztertzeko bilkurak egin dituzte, besteak beste. Hots, Iruñea "herrigintzaren nazio plaza" bihurtu nahi izan dute.
Herritarron Foroa izeneko gunea jarri dute Carlos III. zinemetan. 10:00etan abiatu da foroa, eta Auzolana, Euskal Unibertsitatea eta Euskarazko wikipedia izan dira hizpide. Ondoren 200 bat lagunek bazkaldu dute Alegria eta La Unica peñetan.
Dena den, ezin izan dituzte hasieran pentsatutako ekimen guztiak aurrera eraman Iruñeko Udalak oztopoak jarri baitizkio Nazio Eztabaida Guneari ekimena antolatzeko. Herritarron Plaza gunea antolatzeko hiriko plazak erabiltzeko baimena ukatu egin diete, eta, beraz, ekimen hori bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek. Haurrentzako jolasak, dantza ikuskizuna, bertso emanaldia eta ikurrinari omenaldia egin nahi zituzten Herritarron Plaza deituriko gunean.
Nazio Plazaren ekimenarekin bat egin dute ezker abertzaleko hautetsiek, Bilgune Feministak eta Segi gazte erakundeak.
Politika
Ehunka lagun batu dira Iruñean aldaketa politikoa aldarrikatzeko
Manifesazioa egin dute =i Burujabetzaren alde. Zazpiak bat. Nazioa gara=i lelopean. Aurretik Nazio Plaza egin dute egunean zehar; hots, nazio gisa urratsak eman behar direla iritzita, urrats horiek nola eman aztertzeko ekitaldiak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu