Azpiegiturak

Ehunka lagun bildu dira AHTaren aurkako manifestazioan, Iruñean

'Txikizioarentzat diru gehiagorik ez! Guztion artean AHTa geldituko dugu' lelopean egin dute protesta, abiadura handiko trenaren aurkako plataformak deituta. Hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin ekin diote, Poliziaren kontrolak direla-eta. "Ezezko biribila" eman diote egitasmoari, eta gastua arlo sozialera bideratzeko eskatu dute.

2009ko maiatzaren 9a
20:10
Entzun
AHT Gelditu! Elkarlanak antolatuta, manifestazio nazionala egin dute gaur arratsaldean Iruñean, Txikizioarentzat diru gehiagorik ez! Guztion artean AHTa geldituko dugu! leloarekin. Ehunka lagun bildu dira -antolatzaileen arabera, lau-bost mila lagun; udaltzainek diote 2.500 batu direla-

17:30ean zen ekimena hastekoa, Antoniutti parketik, baina Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Iruñetik kanpo hainbat kontrol jarri dituzte eta jendea berandu heldu da. Horregatik, antolatzaileek hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin ekin diote manifestazioari.

Protesta koloretsua izan da: herrietako pankarta ugari izan da, joaldunak ibili dira, abiadura handiko trenak aterako lukeen soinuaren tankerakoa jarri dute, AHTaren aldeko antzerkia egiten aritu dira lagun batzuk -dirua eskatuz-...

“Onartezina da milioika euro xahutzea Euskal Herria suntsitzeko”. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek argudio horrekin aurkeztu zuten gaurko manifestazioa, eta AHTa eraikitzeko Euskal Herri osoan 10.000 milioi euro beharko direla esan dute; "herritar bakoitzak 4.895 euro ordainduko ditu, zuzenean edo zeharka".

AHTari "ezezko biribila" emateko, ordea, beste argudio batzuk badituztela jakinarazi dute. "Azpiegitura hori ez litzateke euskal herritar denentzat, eta ezberdintasuak sortuko lituzke. Bestetik, hor egingo luketen gastua arlo sozialera bideratu beharko lukete". Egitasmoa oraindik gelditu daitekeela uste du plataformak.

AHTaren Aurkako Asanbladak, Euskal Komunistak alderdiak, ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak deialdiarekin bat egin dute manifestazioarekin.

Gaur 11:30ean ere protesta egin dute, Gasteizen, auzitegi aurrean, hamazazpi lagun epaitu behar dituztelako, derrigortze delitua egotzita. Lagun horiek Aramaion (Araba) iazko urriaren 31n egin zen manifestazioan parte hartu zuten, eta egozten dieten delitua ez dela justua iritzi dio AHTaren aurkako taldeak. Bihar herri galdeketa egingo dute Arbizun (Nafarroa); hilaren 17an, berriz, Lizarrabengoan (Nafarroa) egingo dute galdeketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.