Ortzaizeko polizia operazioan atxilotutakoei sostengua adierazteko sortutako batzordeak deituta, 2.000 pertsona inguru bildu ziren atzo arratsaldean Donibane Garaziko kaleetan, Errepresiorik ez, konponbidea orain lelopean.
Bertan izan da Graxi Etxebehere ere. Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ustezko etakideei aterpea emateagatik atzeman zuten Etxebehere. Reta eta Goienetxea uztailaren 7an atxilotu zituzten Ortzaizen, ETAko kideak izatea egotzita. Operazio berean atzeman zituzten Terexa Lekunberri eta Jeff Mateo ere, ustezko bi etakideak bizi ziren etxeko jabeak. Egun horretan bertan, Ortzaizeko herritarrek elkarretaratzea egin zuten, eta Polizia oldartu egin zitzaien; hainbat lagun zauritu ziren, tartean Jojo Bidart kazetaria.
Etxebehere, Mateo eta Lekunberri behin-behinean aske utzi dituzte epailearen aurretik igaro ostean. Azken biek, baina, ezin izan dute manifestazioan parte hartu, epaileak protesta ekintzetan parte hartzea debekatu dielako.
17:00etan puntuan abiatu zen manifestazioa Garaziko kaleetan barna. Polizia operazioa salatzeaz gain, euskal presoak etxeratzearen aldeko oihuak ere entzun ahal izan ziren bidean. Amaieran, berriz, segurtasun indarren bortizkeria salatu zuten antolatzaileek: "Bake prozesua denon borroka da, eta tinko jarraitu behar dugu gure konpromisoetan".
Etxebeherek, berriz, erabakitzeko eskubidearen beharra aldarrikatu zuen, eta konpromisoa eskatu zien herritarrei: "Konpromiso eguna da, eta ezin gara txapel azpian ezkutatu".