Igande goizaldean gertatu zen erasoa. Donostiako Amara Berri auzoan. Iturri ofizialek azaldu dutenez, emakumea etxera sartzera zihoan eraso ziotenean. Salaketaren arabera, hark ahoa estali eta ikutuak egiten hasi zen. Baina emakumeak askatzea lortu zuen eta oihuka hasi zen, eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Gertatutakoa salatu asmoz, manifestazioa deitu zuten Bilgune Feministak eta Donostiako Piratek. Bertan parte hartu zuten Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak ere, besteak beste.
Izagirrek nabarmendu egin du sexu jazarpen oro salatzeko beharra "hura txikia bada ere". "Edozein jazarpen edo jarrera sexista da onartezina. Ezin dugu eraso txikienik ere onartu". Bilgune Feministatik, berriz, "jaiez gozatzeko eskubidea" aldarrikatu dute, eta "inoren zain egon gabe" nork bere burua defendatzeko beharra nabarmendu.