Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta hainbat mobilizazio egin dira gaur eguerdian euskal presoen eskubideen alde, Euskal Herriko hainbat errepide eta hondartzetan. Giza-kateek ehunka pertsona bildu dituzte errepide ertzean eta hondartzetan, eta Bilbon bizikleta martxa egin dute Guggenheim museoraino.
Zarautzen (Gipuzkoa) dozenaka lagun bildu dira Zarauzko Hitzak jaso duenez, hondartzan, euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta haiei elkartasuna adierazteko. Hala, Urola Kosta eskualdeko 22 preso ekarri dituzte gogora, eta sakabanaketa politikoaren ondoriozko “eskubide urraketa larria” salatu dute.
Munoatik abiatuta, Zarauzko hondartzan zehar kate erraldoia egin dute, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko adierazten duten kartelak eskuan hartuta. Ekitaldiak ikusmin handia sortu du, eta jende ugari bildu da haien inguruan. Itsasoz ere adierazi dute elkartasuna; izan ere, laupabost ontzik Euskal presoak Euskal Herrira lelodun maindireak erakutsi dituzte. Gerora, Munoa Plazan argazki erraldoia atera dute, eta Musika Plazan amaitu dute ekitaldia.
Azpeitiko presoen aldeko ekitaldia zaintzeko eskatu du Eloy Velasco epaileak
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du debekatu gaur Azpeitian (Gipuzkoa) espetxe politika salatu eta presoen eskubideen alde Egin Dezagun Bidea ekimenak deitu duten ekitaldia, baina zaintzeko eskatu die Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari, "ETAko kideei omenaldirik ez diezaieten". Ekitaldia nolako izan den txosten bat dezatela eskatu die.
Dignidad y Justicia elkarteak egin zuen asteartean ekitaldia debekatzeko eskaera. 11:30erako deitu du Egin Dezagun Bideak-ek. Epaileak autoan dio elkarte horrek "orain arte Etxeratek bete dituen funtzioak" bere gain hartu dituela, baina beste espetxe politika bat eskatzeagatik presoei omenaldia egingo dietela ezin dela ondorioztatu gaineratzen du.