Indarkeria matxista

Ehunka lagun Zarautzen, sexu eraso bat salatzeko

Adingabeko emakume batek salatu zuen eraso egin ziola gizon batek. "Autodefentsa feminista" aldarrikatu dute Sare Feministak antolatutako protestan.

Zarautzen eraso sexisten aurka egindako elkarretaratzea, gaur eguerdian. IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS
Berria
2016ko abuztuaren 20a
11:39
Entzun

Ehunka lagun irten dira plazara Zarautzen (Gipuzkoa), adingabeko emakume batek salatutako sexu erasoaren aurka. Oporretara joan zen 16 eta 17 urte bitarteko emakumea, eta Zarauzko goiko kanpinaren inguruetan eraso zioten. Ertzaintzak baieztatu du salaketa jaso zutela eta gizon bat atxilotu zutela. Ostiral goizean pasatu zen gizona epaile aurretik, eta hark aske utzi zuen, kautelazko neurririk hartu gabe.

Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista leloa hartuta egin dute protesta herritarrek, eta Zarauzko Sare Feministako kideek hartu dute hitza ondoren. "Guk salaketa jarri duen emakumearen hitza hartzen dugu aintzat, norbere borondatearen aurka egindako edozein ekintza erasotzat hartzen baitugu", nabarmendu dute: "Ez ezetz da beti".

Zarauzko Udaleko ordezkaririk ez
Feministek elkartasuna adierazi diete emakumeari eta haren familiari, eta neurriak eskatu dituzte: «Instituzio publiko politikoei exijitzen diegu gune arazotsuen inguruko lanketa egiteko». Feministek nabarmendu dute halako erasoak ez direla bakanak: «Jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari gara".

Besteak beste, Irabazi Zarautz taldeko eta Zarauzko EH Bilduko kideak izan dira elkarretaratzean. Baita Maddalen Iriarte (EH Bildu), EAEko bozetarako Gipuzkoako bigarren hautagaia, eta koalizio subiranistako diputatu Marian Beitialarrangoitia ere. Zarauzko Udaleko ordezkaririk ez da izan elkarretaratzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.