13:30ean hasi da martxa, Bulebarretik, eta ehunka lagun batu dira erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrira. Bertan izan dira koalizio subiranistako ordezkari ugari, Rebeka Ubera Aralarreko koordinatzailea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rufi Etxeberria Sortuko zuzendaritzako kidea eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, esaterako.
"Kataluniako prozesu independentistak hartu duen abiadura ikusita eta euskal gizartean erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldekoak gehiengoa direla ikusita", EH Bilduk uste du "helburu jakin baten inguruan herritarrak aktibatzeko ordua dela". Rebeka Ubera Aralarreko koordinatzaileak esan duenez, "euskal gizarteak erabakitzeko ordua da; euskal gizarteak bere etorkizuna erabaki nahi du; justizia sozialean oinarritutako etorkizun hori nola eta norekin eraiki nahi duen erabaki nahi du. Euskal Herriak erabaki nahi du, eta erabakiko dugu".
Helburu horrekin, EH Bilduk iragarria du Eusko Legebiltzarrean Kontsulten Legea aurkezteko asmoa, "herritarrek erabakiak hartu ahal izateko tresna izateko helburuarekin". "Laster" aurkeztuko du.