Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna antolatu du gaurko Fridays For Future plataformak, eta mobilizazioetara deitu du mundu osoko hainbat herrialdetan. Klima larrialdia salatzeko eta «justizia klimatikoa» eskatzeko manifestatuko dira.
Donostian, esaterako, 11:00etan egin dute lehenengo mobilizazioa, FFFk eta ikasle sindikatuak deituta. Aldarrikapenez betetako protesta izan da, eta, besteak beste, sistema kapitalista «atzean uzteko» eskatu dute. «Planetaren alde» egiteko hartu dituzte Donostiako kaleak, eta «planetarik gabe, etorkizunik ez» dagoela gogorarazi dute. Beste manifestazio bat egingo dute arratsaldean, Klima auzitan lelopean. Fridays For Futurek antolatu du bigarrena, eta 18:00etan abiatuko da, udaletxetik.
Bilbon ere egin dute elkarretaratzea, 11:00etan, eta manifestazioa 18:30ean, Moyua plazatik abiatuta. Berrehun lagun inguruk hartu dituzte kaleak, «planetarik gabe ez dago etorkizunik» lemapean. Bestelako mezuak ere ikusi ahal izan dira pankartetan: Ez dago denborarik, B planetarik edo Itzali ikatza, piztu bizia besteak beste. Iruñean, berriz, elkarretaratzea egin dute 18:30ean, Gazteluko plazan.