'18/98 auzia'

Ehunka lagunek parte hartu dute '18/98 auziaren' aurkako elkarretaratzeetan

18/98+ lan taldeak antolatuta, elkarretaratzeak egin dira gaur eguerdian Bilbon, Donostian eta Gasteizen, auzi horretako epaiketaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde. Ehunka lagunek parte hartu dute protesta ekitaldi isil horietan, besteak beste, Batasuna, EA, Aralar, ELA eta LABeko ordezkariek.

2005eko azaroaren 26a
16:13
Entzun
Donostian, Bulebarrean egin dute elkarretaratzea, eta 300dik gora lagunek parte hartu dute. Beste askoren artean han ziren Mario Zubiaga, Elena Beloki, Xabier Alegria eta Jose Mari Olarra auzipetuak; Egunkaria auzian auzipetutako Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi; BERRIA argitaratzen duen EKT enpresako Administrazio Kontseiluko buru Joxean Lizarribar ere han zen. Alderdi politikoen ordezkarien artean, Batasuneko Joseba Alvarez, EHAK-ko Nekane Erauskin, EAko Jesus Esnal, EBko Antton Karrera eta Aralarreko Jose Luis Alvarez Enparantza Txilladegi izan dira. ELAko Eustakio Urangak eta LABeko Ainhoa Etxaidek ere parte hartu dute. Mariano Ferrer kazetaria, Izaskun Guarrotxena Bilgune Feministako kidea, eta 18/98+ lan taldeko bozeramaile Teresa Toda eta Roberto Lopez Etxezarretak ere bat egin dute Donostiako ekitaldiarekin.

Bilbon ere jende talde handia batu da elkarretaratzera; besteak beste, han izan dira Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Lander Etxebarria Bilboko Udaleko zinegotzi ohia eta Bixente Askasibar auzipetua. Gasteizen, ehundik gora lagun batu dira protestara. Esate baterako, Pablo Gorostiaga eta Alberto Frias auzipetuek Gasteizeko elkarretaratzean parte hartu dute, Rafa Larreina EAko Antolakuntza idazkariak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.