Hilerrian egin diote lehen agurra Jesus Ulaiar 1979ko urtarrilaren 27an ETAk hil zuen Etxarri-Aranazko alkate ohiari. Uharte-Arakilgo apaizak gidatu du otoitza, eta, ondoren, lore ekaintza egin diote. Behin hilerriko ekitaldia amaituta, segizioan joan dira Libertad Ya-ren ekimenarekin bat egin duten ehunka lagunak herriraino, zehazki, Ulaiar bizi zen etxeraino.
Han segitu du omenaldiak. Ulaiarren senitartekoak mintzatu dira, eta hilketa gogor salatzeaz gain, alkate zena ez dutela inoiz ahantziko nabarmendu dute. Ulaiarren etxeko hormetan ETAren aldeko margoak izaten dira ohikotan, baina gaur goizean margo urdinez estali dituzte. Gero, arratsaldeko ekitaldian, esku txuriak margotu dituzte urdinaren gainean, ETAren kontrako borrokaren irudi gisa. Halaber, alkate zena hil zuten leku berean mahaitxo bat ezarri dute oroigarri gisa, kandelekin-eta hornituta.
Libertad Ya-ren ekimenak tentsioa sortu du Etxarrin azken egunotan. Izan ere, ezker abertzaleak eta herriko zenbait elkartek "probokazio" gisa hartu dute. Hori dela-eta, omenaldiak irauten zuen bitartean etxe eta tabernetako ateak ixteko eta leihoetan ikurriñak paratzeko eskatu diete etxarriarrei. Horrela, isilik ageri ziren gaur arratsaldean Nafarroako herri horretako kalean, jendez hustu izan balituzte bezala.
Halaber, Polizien presentzia, batik bat, Guardia Zibilarena oso handia izan da gaur egun guztian, eta baita bezperako egunetan ere. Hain justu, Libertad Ya-ren "probokazioa" salatzeko eta "euskal gatazkaren ondorioz" hildako eta espetxeratutako herritarrak omentzeko asmoz gaur goizean ezker abertzaleak eta herriko zenbait elkartek antolatutako ekitaldia Guardia Zibilez inguratuta egin dute. Partehartzaileetako batzuk identifikatu dituzte guardia zibilek, baina, hala ere, ez da istilurk izan. "Autodeterminazioaren eta askatasunaren aldeko, zein faxismoaren kontrako" elkarretaratzea zela azpimarratu dute antolatzaileek.
Politika
Ehunka lagunek parte hartu dute Etxarri-Aranatzen ETAk hildako Jesus Ulaiar alkate zenaren omenaldian
Libertad Ya erakundeak omenaldia egin dio gaur arratsaldean duela 25 urte ETAk hil zuen Jesus Ulaiar Etxarri-Aranazko alkate zenari. Ehunka lagunek parte hartu dute ekitaldian. Ezker abertzalearen eta herriko zenbait elkarteren iduriko, "probokazioa" izan da omenaldi hori, eta ekitaldiak irauten zuen bitartean etxeetako ateak ixteko eta leihoetan ikurriñak paratzeko eskatu diete herritarrei. Horrela, isilik eta jendez hustu balute bezala ageri zen Etxarri gaur arratsaldean. Polizien, batik bat, Guardia Zibilaren, presentzia oso handia izan da egun guztian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu