Lau gizonezko atxilotu zituzten atzo Gijonen (Espainia), bi emakume bortxatzea leporatuta. Auzia ikertzen ari den Gijongo 5. instrukzio epaileak atxilotuetako bi aske utzi zituen, behin-behinean, eta beste bi espetxera bidali zituen. Aske utzitako gizonezkoei debekatu diete biktimengana gerturatzea edo haiekin komunikatzea
Biktimetako bat Bergarakoa da, eta, salatu duenez, ostiral gauean gertatu zen bortxaketa, hiriko hostal batean. Biktimek 22 eta 23 urte dituzte, hurrenez hurren, eta, kontatu dutenez, sare sozialen bidez jarri ziren harremanetan gizonezkoetako batekin. Gijongo taberna batean elkartu ziren harekin, eta hark proposamena egin zien ostatu batera joateko. Bidean beste batekin elkartu ziren. Ostatura heltzean, ordea, beste bi gizon zituzten zain logelan. Han egin zieten eraso, eta bortxatu egin zituzten. 06:30ean joan ziren polizia etxera, salaketa jartzera. Erietxean artatu zituzten emakumeak.
Mobilizazio jendetsua
Bergarako Martxanterak talde feministak erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu zuen atzo arratsaldean, San Martin plazan, eta jendetza batu zen. Bertan, manifestu bat irakurri zuten, jazotako «atentatu matxista» gogor salatu zuten.
Udalak ere erasoa salatu zuen, eta gogora ekarri zuen «soilik baietz dela bai». Modu berean, udalak mugimendu feministak egindako deialdi guztietan parte hartzera deitu zuen.
Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak ere erasoa salatu zuen, aldundi osoaren izenean. «Sumindura» agertu zuen, eta elkartasuna eta babesa agertu zien sexu erasoa jasan duten emakumeei. Halaber, Bergarako protestarekin bat egin zuen