Elkarretaratzean parte hartu dute Gure Esku Dago, Geroa Bai, EH Bildu eta Nafarroako Ahal Dugu, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, EHNE, Hiruko hainbat ordezkarik.
Atzo, Bilboko manifestazioan egin bezala, deitzaileek PP, PSOE eta Ciudadanosen "joera autoritario eta antidemokratikoa" gaitzetsi dute. Ohartarazi dutenez, Madrilek Katalunako gizartearen aurka hartu dituen "neurri errepresiboak" ez dira lurralde horretara mugatuko eta "askatasunen mugatzea" ekarriko du estatu osora; baita Nafarroara ere.
Mobilizazioaren antolatzaileek elkartasuna agertu diote Kataluniako gizarteari eta konpromisoa hartu dute estatuaren "errepresio" jarreraren aurrean "erantzun herritar, baketsu eta demokratikoa" sustatzeko.
Elkarretaratzean irakurri duten adierazpenean salatu dute UPN eta PP 155. artikulua ezartzearekin "mehatxu" egiten ari direla, "Nafarroaren autogobernua suntsitzeko". Nafarroako herritarren erabakitzeko eskubidea defendatu dute. "Nafarroa bere etorkizuna erabakitzeko zilegitasun osoa duen subjektu politikoa da", nabarmendu dute.