Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi du joan den asteartean Eibarren (Gipuzkoa) andre bati eraso egin zion 17 urteko mutila Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo adingabeen zentrora eraman dutela, fiskalaren aurretik pasatu ondoren. Ertzaintzaren arabera, erasotzailea biktimaren —adinduna da— bikotekidea da. Genero indarkeria eta lesio delituak egotzi dizkiote.
Sostoatarren kalean gertatu zen erasoa astearte arratsaldean. Gizonezkoak buruan jo zuen andrea, eta lurrera bota, biktimaren semearen eta beste lagun baten aurrean. Erasotzaileak alde egin zuen, baina handik tarte gutxira aizto batekin itzuli zen, eta hankan sartu zion emakumeari. Mendaroko ospitalera (Gipuzkoa) eraman zuten biktima, zauriak artatzera, eta Donostiako erietxera lekualdatu zuten gero; larri dago. Lekuko batek erasoa grabatu zuen, eta sare sozialetan zabaldu zen bideoa; horren bidez identifikatu ahal izan zuten poliziek erasotzailea. Bere burua hurrengo egunean entregatu zuen, Ertzaintzaren Hernaniko (Gipuzkoa) komisarian.