zure ziztada behar dugu

Eider Eibarrek BERRIAren azala diseinatu du

Andoaingo erredakzioan aritu da lanean, 'Zure ziztada behar dugu' kanpainarekin bat eginda. Lehengo igandean Antton Olariagak egin zuen azala.

2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun

Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat eginez hilaren 10ean Antton Olariagak egin zuen BERRIAren azalaren diseinua, eta orain Eider Eibarren txanda izan da. Andoaingo erredakzioan aritu zen larunbatean lanean, igandeko azala egiten.

Hurrengo bi igandetan ere etorriko da kazetaren azala itxuraldatuta, Zaldieroaren eta Idoia Beratarbideren bidez.

Ibilbide luzeko ilustratzaileak dira laurak, eta BERRIAren irakurleentzat aski ezagunak. Zakilixut pertsonaiaren aita da Olariaga. Haur literaturako ilustratzaile gisa egin ditu urratsak Eibarrek, eta laster Mantangorri gehigarriko gastronomia orriak apainduko ditu. Umore zertzeladaz betetzen du iritzi saila egunero Zaldieroak, De Rerum Natura komiki zintarekin. Eta igandeko azken orriko elkarrizketetako protagonisten marrazkiak Beratarbidek egiten ditu.

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Zure ziztada behar dugu kanpaina bigarren fasean da, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. Dagoeneko hiru mila erdietsi ditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.