euskal herria

EIPK-k Aranalde sostengatu eta ekainaren 15eko proposamenak berretsi ditu

Agiri baten bidez, Euskal Iheslari Politikoen kolektiboak adierazi du bat egin duela Jokin Aranaldek hartutako jarrera intsumituarekin: "Gu ere Jokin gara". Ekainean Miarritzen iheslari politikoen auzia modu orokor eta ordenatuan konpontzeko egin zuten proposamenari eusten diotela nabarmendu dute.

2013ko azaroaren 2a
17:22
Entzun

"Ez gara beso gurutzaturik gertaeren behar egonen". Horixe dio Euskal Iheslari Politikoen kolektiboak agirian. Aranalderen jarrera salatzeko lana egingo dutela azaldu du, eta datozen egunetan kultura eragile, politiko eta sozialekin bilerak egingo dituztela. Euroagindua Miarritzen EIPK-k plazaratutako bide orria oztopatzeko erabili izan dela dio Jokin Aranaldek, eta horretan oinarrituz, epaiketa politikoa izan dela ondorioztatzen du.

Aranaldek ez zion biderik eman Parisko Kasazio Gorteak emandako kanporatze aginduari. Espainiaratzeko agindua auzi politiko baten ondorioa dela azaldu zuen Aranaldek. Hainbat hedabiderik bidalitako gutun batean eman zituen intsumitu egiteko arrazoiak: "Pertsonalitate instituzional, politiko, eta mugimendu sozial eta kultur esparruko hainbatek jarrera intsumiso eta desobediente batez erantzun beharra mahairatu dute, Euskal Iheslari Politikoen bide orria jendarteratu, eta herriak defenda dezan, bi estatuen gainetik,prozesu demokratikoa bururaino eramateko", dio gutunean

Aranaldek gogoratu zuen 67 urte dituela, bizi publikoa egiten duela Ipar Euskal Herrian eta Espainian hiru aldiz atxilotu eta torturatu zutela. Aranalde ekainaren 23an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Heletan (Lapurdi). Ekainaren 12an, EIPK-k mintzaideen zerrenda plazaratu zuen, eta horretan ageri zen Aranalde. Ekainaren 15ean Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldian parte hartu zuen; iheslariek gatazkaren konponbiderako prest zeudela azaldu zuten hor.

Aranalde atxilotu zuten egun berean atxilotu zuten Beñat Atorrasagasti, eta egun gutxira Aitor Zubillaga. Hiruren aurkako euroagindua eskatu zuen Espainiak. Atorrasagastiren eta Zubillagaren aurkako eskariak ezeztatu zituen epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.