Komunikabideak

EITBk Erlijio ikasgaiaren aldeko publizitate kanpaina bat kentzea erabaki du

Administrazio Kontseiluan jasotako kexa baten ondotik hartu du erabakia; gotzaintzak "adierazpen askatasuna eta erlijio askatasuna ez defendatzea" leporatu dio ente publikoari.

2012ko otsailaren 6a
21:26
Entzun

EITBko zuzendaritzak Erlijio ikasgaiaren aldeko publizitate kanpaina bat kentzea erabaki du, Administrazio Kontseiluan Aralarren kexa bat jaso ondoren.

Gasteiz, Bilbo eta Donostiako elizbarrutietatik adierazi dutenez, EITBk publizitate kanpaina bat kontratatu zuen elizbarrutiekin, "gurasoei gogorarazteko euren seme-alabek Erlijio ikasgaia ikastea nahi duten edo ez erabakitzeko eskubidea dutela".

EITBk proposatutako "hainbat aldaketa" egin ondoren, kanpaina abiatu zuen urtarrila amaieran. Gotzainen arabera, otsailaren 1ean jakinarazi zien EITBk kanpaina kenduko zuela. Horrela, EITBk argudiatu du kanpaina "bateraezina" dela Administrazio Kontseiluan onartutako publizitate printzipioekin.

Ente publikoak EITBko Lege Sailean kontsulta egin zuen, eta kasua aztertu ondoren kanpaina kentzea erabaki zuten, "zuhur jokatzearren".

Elizbarrutietatik desadostasuna agertu dute ente publikoak hartutako erabakiaren aurrean. Haien arabera, EITBk "ez ditu defendatzen oinarrizko eskubideak diren adierazpen askatasuna eta erlijio askatasuna".

EITBk elizbarrutietatik egin dituzten adierazpenei erantzun die ohar baten bidez. Horretan, "tamalgarritzat" jo du emisioan zegoen kanpaina bat kendu behar izanak sor dezakeen nahasmena. Gainera, EITB "herritar guztientzat zabalik dagoen Taldea dela" berretsi du: "Bertan iritzi, pentsamolde eta erlijio guztiek dute lekua, eguneroko jardueran ikus daitekeenez".

EITBko Administrazio Kontseiluak, bestetik, jakinarazi du kontseiluko presidenteak Donostiako gotzainari proposatu diola elizbarrutiekin biltzea, "ekimen honen xehetasunak zuzenean ezagutzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.