Lan eskaintza publikoa

Ekainaren 19an eta 20an egingo dute hezkuntza arloko lan eskaintza publikoko lehen proba

Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 1.148 lanpostu eskainiko ditu. BECen egingo dute proba.

Hezkuntzarako lan eskaintza publikoko azterketa bat, 2019an, BEC aretoan. BERRIA
2021eko martxoaren 23a
17:47
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lan eskaintza publiko bat egingo du, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen 1.148 lanpostu eskainiko ditu. Hezkuntza Saileko arduradunek gaur jakinarazi dutenez, ekainaren 19an eta 20an egingo dituzte lehen probak, Barakaldoko BEC erakustazokan. Adierazi dute orotara 4.140 pertsonak dutela aukera hautaketa prozesu horretan parte hartzeko.

Berez, lehen proba hori 2020ko ekainean egitekoak ziren, baina COVID-19aren pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zuten. Jaurlaritzaren arabera, lan eskaintza publiko horrek eragin zuzena izango du «hezkuntza sistemaren kalitatean eta irakasleen lan egonkortasunean».

Ekaineko proba teorikoa gainditzen dutenek ahozko azterketa egin beharko dute gero, eta horiek irailaren 6tik aurrera egingo dituzte.

Daten berri eman eta gutxira, erabakiaren inguruko balorazioa egin du Steilas sindikatuak. Salatu dute ez duela irtenbiderik aurreikusten osasun larrialdiak sor ditzakeen eragozpenak ekiditeko: «Ez ditu berrogeialdian dauden pertsonen eskubideak bermatzen». Horrez gainera, gogorarazi dute erabaki guztiak «aldebakarrez» hartutakoak izan direla, eta, hein handi batean, «sindikatuaren iritziaren kontrakoak, azken hau barne». Hezkuntza Sailari eskatu diote prozesua gauzatzeko osasun berme guztiak jartzeko eta konfinamenduan daudenen lege eskubideak bermatzeko.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.