Ehunka eragilek bat egin dute lurralde elkargoa sortzearen alde Baionan ekainaren 1ean egingo den manifestazioarekin. Euskal Konfederazioak uste du beharrezkoa dela manifestazioa "arrakastatsua" izatea, "Parisen eztabaidatzen ari den Deszentralizazio Legearen III. atalean Euskal Herria kontuan hartua izan dadin". Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko ordezkariak gaur goizean azaldu duenez, lurralde elkargoak euskarari aitorpen ofiziala egin ahalko lioke. "Hori sekulako aitzin pausoa litzateke euskararen garapenarentzat Iparraldean".
Bestalde, egunotan Korsikako Asanbladan korsikeraren ofizialtasunaz eztabaidatzen ari dira. Martxoak 31 kolektiboak azkeneko urteetan Frantziako Gobernuari egin dio eskaera hori. Korsikako hautetsiak eskaera bozkatzen ari dira, eta albiste hori baikorki hartu du Euskal Konfederazioak.
Atzo Martxoak 31 kolektiboan biltzen diren hizkuntza gutxituetako ordezkariek babesa eskatu zioten Unescok Parisen duen ordezkaritzari. Izan ere, Frantziak hizkuntza gutxituen iraupena eta garapena segurtatzeko ez duela neurririk hartu salatu du Euskal Konfederazioak: "Frantziak ez du Eurogutuna berretsiko, Peillon hezkuntza legean lurralde hizkuntza legerik ez da, eta hizkuntza legerik ere ez da. Frantziak ez duenez gure hizkuntzen egoera larria kontuan hartzen, hizkuntz aniztasuna eta eleaniztasuna bultzatzen dituen Unesco erakundeari galdeginen diogu babesa, asilo kulturala".