BAK Bakearen Aldeko Koordinakundea desegin egingo da, elkarteko kideek gaur eginiko batzarrean erabaki dutenez. BAKek asteon jakinarazi duenez, 2011ko urriaren 20an ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuenetik ari zen elkartea desegiteko aukera aztertzen, eta gaur hartu dute erabaki hori.
«Beti adierazi dugu gure gogoa eta helburua desagertzea zela. Bakearen aldeko Koordinakundea Giza Eskubideen defentsa etikotik jaio zen, helburu politikoak lortze aldera indarkeria zerabiltenei gure gaitzespena erakusteko», adierazi du elkarteak ohar batean. «Zorionez, gaur egun, BAKen itxiera ekarri ahal dugu zuengana, akabuko helburua lortu dugulako, indarkeriaren azkena. ETAri gizarteak argi asko erakutsi dio bere arbuio eta mesprezua. Bai lortu dugunagatik bai orain arte egindako bideagatik, pozteko moduan gara», gaineratu du.
Kideen %97k bozkatu dute desegitearen alde. Ekainaren 1ean egingo dute agur ekitaldi bat, Bilbon.
1986an sortu zen koordinakundea. ETAren hilketa bakoitzean elkarretaratze isilak antolatzen zituen hainbat herritan. Halaber, 1993an xingola urdina hedatu zuen, ETAk Julio Iglesias Zamora bahitu eta hura aska zezatela eskatzeko.