Presoen aldeko eta espetxe politikaren aurkako adierazpen bat izenpetu dute Nafarroako 38 gizarte eta politika eragilek. Ilunpetik konpromisoz, eskubide guztien jabe izatera lelopean, datozen bi asteetan hainbat ekimen antolatu ditu Iruñean. Besteak beste, larunbatean Iruñea dantza taldeak eta Ortzadarrek dantza emanaldia eta eskuorri banaketa egingo ditutze alde zaharrean; ekainaren 14an, hizkuntza eskubidea eta espetxe politika izenburupean hitzaldia egingo da 20:00etan, Iruñeko Hizkuntza eskolan; ekainaren 15ean, poema errezitaldia egingo da, Orreagak antolatua; ekainaren 22an, 12:00etan Iruñeko espetxe aurrean elkarretaratzea egingo du LABek; eta ekainaren 23an manifestazioa egingo da.
Manifestazio horri atxikimendua agertu dio 38 eragile horiek beraiek. Atzo, ekimen horien berri eman zuten. Jakinarazi zuten uneotan 600 euskal herritar inguru daudela kartzelan, eta salatu egin zuten zeinen bizi baldintza gogorrak pairatzen dituzten. Gogorarazi zuten 22 direla espetxeetan hil direnak, zazpi direla gaixotasun larriarekin preso jarraitzen dutenak, eta 140 direla dagoeneko zigorra betea izan baina kartzelan jarraitzen dutenak. Horrekin batera kritikatu zuten, presoen bizi baldintzak gogortzeaz gainera, senideei eta haien ingurukoei bizi baldintzak gogortzen dizkiela sakabanaketak.
Erruki Ezkurra Bai Euskal Herriari ekimeneko kidearen arabera, «kontrol handiagoa eta eskubideen urraketa sakonagoa» adierazten duten arau berriak asmatzen dituzte egunero: «Ikuspegi politiko batetik diseinatu eta garatutako kartzela politika da, helburu politikoak bilatzen dituena». Horren inguruan, Espainiako eta Frantziako gobernuei egun ukatzen eta urratzen jarraitzen diren eskubideak errespetatzea exijitzen dute.
Ekainaren 24ra arte, presoen eskubideen aldeko ekimenak Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu