Nafarroako Parlamentura mozio bat aurkeztu du UPNk, eskatuz materia organikoa biltzeko sistema posible bakarra bosgarren edukiontzia izatea. Horretarako, indarrean den hondakinen plana aldatzea proposatu du.
Sakanako Mankomunitatearen barruan dauden herrietako bizilagunen "defentsan" aurkeztu du mozioa, UPNk azaldu duenez. Sakanako Mankomunitateak gaur jakinaraziko du, hain justu, atez ateko bilketarekin noiz hasiko diren.
Sakanako Mankomunitateari ere eskaera egin dio UPNk testu horretan; atez atekoa bazterrean uztea galdegin dio. Herritarrak bilketa sistema horrekin kezkatuta daudela adierazi du alderdiak.
"Bilketa sistema horrek herritarren eguneroko ohiturak sakon aldatzen ditu eta, gainera, Bilduk derrigorrezkoa izateko moduan inposatu nahi du", arrazoitu du UPNk.
Atez atekoa "zaharkitua, doilorra eta osasunaren kalterakoa" dela uste du UPNk. Gogorarazi du Altsasun, Ziordian eta Irurtzunen herritar asko bilketa sistema horren aurka agertu direla.
"Sistema bakarra", bosgarren edukiontzia
Atez atekoaren aldean, materia organikoarentzako bosgarren edukiontzia herritarrek "erraz" onar dezaketela eta Nafarroako hondakinen kudeaketa planeko helburuetara iristeko aski dela adierazten du testuak.
Horregatik, Nafarroan materia organikoa bereizita biltzeko "sistema bakarra" bosgarren edukiontzia izan dadin, hondakinen plana aldatzea proposatu du UPNk.
Mozioak espresuki aipatzen du Gipuzkoako hainbat herritan —Legorreta, Bergara, Oñati, Usurbil, Hernani, Antzuola, Oiartzun, Zarautz, Zumaia eta Legazpi aipatzen ditu, zehazki— atez atekoaren aurkako taldeak sortu direla, eta 73.000 sinadura jaso dituztela.
Gogora ekartzen du, gainera, Eusko Legebiltzarra ere bilketa sistema horren aurka agertu dela orain berri.
"Nafarroako Foru Parlamentuak ezin du axolagabe gelditu milaka nafarri eragiten dien kezka horren aurrean", erantsi du UPNk.
Ekainaren 27tik aurrera
Sakanako Mankomunitateak jakinarazi du ekainaren 27tik aurrera hasiko direla hondakinak gaika biltzen. Organikoa biltzen hasiko dira, hilaren 27a osteguna delako eta asteko egun horretan organikoa jasoko dutelako.
"Prest gaude. Bai sakandarrak parte hartze prozesuan zalantzak argitu, sistema egokitu eta ekarpenak egin ondoren; bai gu, sistemak behar duen guztia prest dugulako”, esan du Aitor Karasatorrek, Sakanako Mankomunitateko presidenteak.