Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian ekainean, baina lana topatu duten horien lan baldintzak «oso eskasak» direla salatu du LAB sindikatuak. INEMek atzo emandako datuen arabera, 1.594 lagunek topatu zuen lana aurreko hilean. Horietatik %91,7ri, ordea, aldi baterako kontratua egin diotela zehaztu du LABek, «egungo lan politikaren porrotaren seinale».
Guztira 90.151 langabe zenbatu zituen INEMek Hego Euskal Herrian ekainean, eta langabezia tasa %6,653an gelditu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi egin da lanik gabekoen kopurua, baina Nafarroan gora egin du. Zehazki, Araban 249 lagunek aurkitu du lana, Bizkaian 1.344k eta Gipuzkoan 349k. Lanik gabe geratu diren nafarrak, berriz, 351 izan dira.
Egin diren kontratuen %8,3 soilik izan dira finkoak. LABen arabera, datu horrek argi erakusten du Hegoaldeko enpresek lan-kontratu prekarioen alde egiten dutela, 2006ko abenduan kontratu finkoen batez bestekoa %15,5ekoa baitzen. «Kontratu finkoen kopurua erdiraino jaitsi da ia, eta horrekin batera lan duinaren eskubidea ere bai». Sindikatu abertzalearen ustez, datuok Espainiako Gobernuaren lan erreformaren «engainuaren» seinale dira. Aldi baterako kontratuak finko bihurtzeagatik Espainiako gobernuaren diru laguntzak jasotzeko epea iazko urtearen amaieran bukatu zen, eta, LABen arabera, «kasualitatea» da ordutik aurrera kontratu finkoen kopurua bat-batean murriztea. «Ez dago zalantzarik, Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako lan erreformak milioika euro enpresaburuen poltsikoak are gehiago aberasteko erabili ditu, eta ez lan kontratazioa hobetzeko».
Guztiz bestelako irakurketa egin du, berriz, EAEko CCOOk. Sindikatu horren arabera EAEn langabeziak izandako jaitsiera lan erreforma horren ondorio da. Iazko datuekin alderatuz, kontratu finkoen kopurua %17 hazi dela nabarmendu du CCOOk. Halere, EAEn kontratu finkoen kopurua «nahi baino gutxiago» igo dela ere onartu du CCOOk, eta herrialde honetako «batzuen izaeraren ondorio» dela nabarmendu du. «Batzuk egiten dituzten ez hankarik ez bururik gabeko kritiken eraginez, eta bestebatzuk erakusten duten jarrera erasokorraren erruz, gure erkidegoak ez ditu behar bezala aprobetxatzen lan erreformaren neurriak».
EAEko UGTk, berriz, Eusko Jaurlaritzari egotzi dio behin-behineko kontratazioaren erantzukizuna. «Datuek argi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak ez duela lan finkoa sustatzeko behar adinako neurririk hartzen». UGTren ustez, Jaurlaritzak «sindikatu batzuk lan merkatua hobetzeko egin dugun ahaleginean lagundu beharrean eskuak gurutzatuta geratu da, eta ez du gure egitasmoak babesteko inolako neurririk hartu». Langabetu kopurua murriztu izana aldi baterakoa izango dela ere nabarmendu nahi izan du sindikatuak, eta uda amaitu bezain pronto lanik gabe daudenen kopuruak gora egingo duela ohartarazi du.
Ekainean egin diren kontratuen %91,7 aldi baterakoak izan direla salatu du LABek
INEMek emandako datuen arabera, 1.594 langabe gutxiago egon da ekainean Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu