Nafarroako Gobernuak berriz ekinen die Itoizko urtegiko ura daraman ubidea eraikitzeko lanei. Ekain hasieran, Estellerriko zatietako lanak abiatuko dituzte. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizak eta INTIAko zuzendariorde Joaquin Puigek azaldu dituzte proiektuaren nondik norakoak.
Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko lanen barruan daude Estellerrian egin beharrekoak: Lerin eta Carcar herrien artean hasiko dira lanak, eta, horren ostean, Sesma, Lodosa, Andosilla, San Adrian eta Azagraraino ere zabalduko dute ubidea.
Txibitek «poza» azaldu du, Azkoiengo lanak iragarri eta urtebetera Estellerrikoei ekinen dietelako: «Lan hauei esker, Itoizko kalitatezko urez hornitu ahal izanen ditugu 1.300 bat nekazarirenak diren 5.428 hektarea lur». Lur horietan, gainera, labore gehiago landatu ahalko direla iragarri dute gobernuko arduradunek.