"Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatzeko ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egingo den giza kateari begira, probasaioa egingo dute larunbatean, Bilbon, 16:30ean, Arte Ederren Museoa eta Casilla kiroldegia lotuz. Ondoren, ekitaldia antolatu dute, aipatutako kiroldegian bertan, 17:30etik aurrera. Gure Esku Dago dinamikak antolatu ditu bi ekitaldiak, eta, deialdiarekin bat egin duten hainbat lagunek azpimarratu dutenez, "mugarri" berri bat ezarri nahi dute, batez ere ekainaren 8ko "erronka erraldoiari" begira, baina baita herriz herri osatu diren taldeen lana ezagutarazi ere, eskertu eta indarrak berritzeko. Casilla kiroldegia jendez betetzera deitu dute. Spot bat egin dute horretarako:
[Youtube]http://youtu.be/5jSs8Ga40Ks[/Youtube]
Larunbatean eman zuten ekitaldiaren berri Bilbon, eta atzo gauza bera egin zuten Donostian, Gure Esku Dago dinamikak Gipuzkoako hiriburuan duen egoitzan eginiko prentsaurreko batean. Han izan ziren, besteak beste, Naroa Iturri eta Xabier Euzkitze kazetariak eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailea. Azken hilabete eta asteetan Euskal Herri osoan zehar dinamikarekin bat egin duten taldeen lana "aitortu, goraipatu eta zoriondu" zuen Iturrik. Horiei esker "konplizitate eta konfiantza eremu berriak" sortzen ari direla azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen gero eta norbanako gehiago "eroso eta eraginkor" sentitzen dela Gure Esku Dago-k ireki duen "aterkiaren" azpian. Larunbateko ekitaldira begira, kazetariak nabarmendu zuen Durango eta Iruñea arteko giza katearekin ez dela amaituko orain arteko lana; adierazi zuen "jauzi berriak ahalbidetuko dituen abiapuntu sendo gisa" ulertu behar dela. Aurreratu zuen, halaber, Bilboko ekitaldian jakinaraziko dutela orain arte dinamikarekin bat egin duten pertsonen kopurua.
Xabier Euzkitzek, berriz, Casillako ekitaldiari buruzko zenbait xehetasun ezagutzera eman zituen, eta azpimarratu zuen helburua dela "mugarritxo bat" jartzea ekaineko giza kateari begira. Kazetariaren arabera, erabakitzeko eskubideak izan behar du "pentsaera eta jatorri ezberdinen arteko elkargunea", eta uste du Gure Esku Dago dinamika asmatzen ari dela horretan.
Lesakako 'lipdub'-a, sarean barreiatuz
Ekimenari babesa emateko, Bortzirietako herritarrek lipdub bat osatu zuten martxoaren 15ean Lesakan (Nafarroa). Atzo plazaratu zuten bideoa, eta ordu gutxian 3.000 bisitatik gora izan ditu.
[Youtube]http://youtu.be/bdt3pBZs6JQ[/Youtube]